Etorkizun profesionala: erabiltzaile, profesional zein zerbitzuentzako aukerak XXI. mendeko liburutegietan. Jardunaldiaren kronika.


Escrito el 19 octubre 2010 – 14:19 | por admin

Jornadas_Alhondiga_20101006_eu2010eko urriaren 6ean, eta AlhóndigaBilbaon, ALDEEk eta SEDICek antolatu berri dugu jardunaldi bat liburutegien etorkizunari buruz, hauxe da jaurdunaldi horren kronika.

Jardunaldia, ALDEEk beste erakunde eta elkarte batzuekin batera antolatutako jarduera-zikloaren hasiera gisa aurkeztu zen. Zikloaren helburua aldaketa teknologikoek erabiltzaileei eta, bereziki, sormenaren eta jarrera berritzailearen bidez, XXI. mendeko gizartearen eskaera berriei erantzun eta zerbitzu berriak eman behar dizkien profesionalei eskaintzen dizkieten aukera ugarien inguruan hausnartzea da. ALDEEko presidente den Ramón Martí­nek, prestakuntzaren esparrua alde batera utzi gabe, ALDEEren Plan Estrategikoko hainbat lerrori erantzuteko asmoa duen ekimen-lerro berri baten sorrera azpimarratu zuen: alde batetik, jarduerak antolatzerakoan, beste elkarte eta erakunde batzuekin elkarlana hasi eta sustatzea; bestetik, profesionalen arteko elkarrizketa eta hausnarketarako guneak sortu eta dinamizatzea, ALDEEko bazkide guztien parte-hartze aktiborako lerroak irekiz.

Lehenik, Carol Brey-Casianok hartu zuen hitza, liburutegietako profesionalek abiada handian ematen ari diren aldaketei arreta eskaini behar dietela azpimarratuz: alde batetik, euskarri berriak eta irakurtzeko eta informazioa eskuratzeko modu berriak (e-book, deskarga daitezkeen liburuak, liburuak sarean, etab.) eta baita ikasteko eta ikertzeko modu berriak (e-ikaskuntza, e-ikerketa) sorrarazi dituzten aldaketa teknologikoei; bestetik, kalitatezko zerbitzuak eskaini behar zaizkion komunitatearen gizarte-aldaketak ere kontutan hartu behar dira, erabiltzaileen zati bat (nomada digitalak eta immigrante digitalak), baita “jatorrizko digitalen” belaunaldia ere, digitalki alfabetatu behar dela gogoratuz. Horrek guztiak, inprimatutako hitzarentzat, bai eta liburutegietako espazioentzat ere, “aurreikusitako heriotzaren kronika” eragin zezakeela pentsatuta ere, Carol Breyren aburuz, baliabide gehiago izan eta erabiltzaile eta leku gehiagotara iristeko ikuspuntuarekin, espazioei balioa erantsi eta erabilpen berriak emateko aukera paregabea dugu. Liburutegiek, Carol Breyren hitzetan, “informazioa eskatzen duten pertsonen atari eta helmuga” izan behar dute. Gainera, teknologia-sorta zabalak, espazioen malgutasunak eta erabiltzaile eta euskarrien dibertsifikazioak profesional gaituagoak eskatzen dituzte. Halaber, Liburutegiak informazioa doan eskuratzeko aukerari eutsi behar dio, gizabidezko eztabaidarako gune eta komunitatearen espazio gisa duen funtzioa sustatuz.

Carol Breyren azalpenen ostean, SEDICeko presidente Eugenio López de Quintanak mahai-inguruari hasiera eman zion. Bertan, Carol Breyk ez ezik, Jesús Zubiaga, Alazne Martin, Arantza Mariskal eta Mertxe Pérez de Cirizak hartu zuten parte eta aretoa betetzen zuten pertsonekin batera (60 inguru), hainbat galderari erantzuten saiatu ziren. Eztabaida-lerro nagusienak honako hauek izan ziren:

Teknologia berriek informazioa errazago eskuratzeko aukera eskaintzen die herritarrei. Horrek liburutegiek eta dokumentazio-zentroek burutzen duten bitartekotza-papera zalantzan jar badezake ere, ez dela hori gertatzen baieztatu zen, profesionalek, informazioaren kudeatzaile gisa, informazioa berreskuratu eta antolatzeko zerbitzu gaitua eskaini behar baitute. Horren ildotik, web semantikoaren beharra areagotu egin dela adierazi zen.

Teknologia berriak erabilera-ohitura berriak sortzen dituzte eta erabiltzaileen premiak eraginkortasun handiagoz asetzen dituzte. Halaber, liburutegietako espazio fisikoak berrerabiltzeko aukera ere eskaintzen dute, gizarte- eta informazio-gune gisa, aisialdi, kultura eta prestakuntza gaietan egon daitezkeen beharrei erantzunez.

Liburutegiek informazioa doan eskaintzen jarraitu behar dute, errentagarritasun ekonomikoa duen erakunderik gabe. Mota guztietako liburutegiek sarrera birtuala ez ezik, biltzeko guneak eta espazio iraunkorrak ere eskaini behar dituzte, balioak defendatu eta hedatzeko eta kooperazioa eta lankidetzaren alde jarduteko. Erabiltzaile immigranteen eta liburutegietan ohikoak ez diren erabiltzaileen integrazio-guneak ere izan daitezke.

Lankidetza eta parte-hartzea beharrezkoak dira, profesional eta erabiltzaileen sareen erabilpena sustatuz, liburuzain eta erabiltzailearen arteko aurrez aurrekoa azpimarratuz.

Eskenatoki berria, malgutasunez, zerbitzu berriak eskaintzeko eta sormen eta irudimenaren bidez aukera berriak ikertzeko abagunea dugu. Erabiltzaile berrien premietara adi egon behar dugu, baina liburutegiak gune dinamizatzaileak ere izan daitezke eta, beraz, profesionalek zerbitzu berrien eskaintzan proaktiboak izan behar dute.

Eskenatoki berriek, batzuetan, liburutegien mapak itxuragabetzen ari direla azpimarratu zen. Horri aurre egiteko, gutxiengo handiei zuzenduta, liburutegi espezializatuen eta ondarea gordetzen dutenen paperari eutsi behar zaio.

Teknologia berriek hedapenerako aukerak eskaintzen dituzte, baina erronkak ere jartzen dizkigute mahai gainean, hala nola, dokumentu berrien biltegiratzea.

Etengabeko aldaketan dagoen munduan, erabiltzaile eta euskarri berriak teknologia berriekin artatu ahal izateko profesionalek izan beharreko prestakuntzari dagokionez, prestakuntza teknikoa ─arautua eta etengabekoa─ azpimarratu bazen ere, diziplina-aniztasun eta diziplinartekotasunaren aldeko apustuak ere aipatu ziren. Horren inguruan, informazio-kudeatzaileen artean ez ezik, profil-profesional desberdinen arteko lankidetza eta ulermen-zubiak zabaltzeko aukera eskain litekeela adierazi zen. Beharrezko diren gaitasun berrien artean, gizarte-trebetasunak, marketina eta taldean lan egiteko eta lankidetza-sareak eta liburutegi-sareak sustatzeko gaitasunak azpimarratu ziren

Jardunaldiaren txostenak ALDEE elkarteko webgunean daude.

Mahai inguruko partehartzaileak:
Carol Brey-Casiano, El Paso Public Library-ren zuzendaria, American Library Association-eko (ALA) presidente-ohia
Alazne Martí­n, Alhóndiga Bilbaoko Mediatekaren arduraduna.
Arantza Mariskal, Donostiako Tabakalera -Kultura garaikidearen Nazioarteko Zentroa-ren Mediatekako arduraduna
Mertxe Perez de Ciriza, Arrasateko udal liburutegiko zuzendaria
Jesus Zubiaga, Gasteizko Sancho el Sabio Fundazioko liburutegiaren zuzendariordea.

Moderatzailea :
Eugenio López de Quintana, SEDICeko presidentea, Antena 3 Televisión-eko Dokumentazio zuzendaria

Azkenik, Honorio Penades eskertu nahi dugu, jardunaldiaren afixa diseinatzeagatik

Publica un Comentario