Euskara, jalgi hadi plazara


Escrito el 28 noviembre 2011 – 14:40 | por admin

EUSKARA, JALGI HADI PLAZARA.

Martxoaren 26an, larunbata, ALDEEko asanbladaren ondoren, hitzartuta geunden Eusko Jaurlaritzak euskerari buruz antolatutako erakusketa bisitazera joateko. Enrike Uriarte izan genuen gidari eta berak azaldutakoa eta bertan ikusitakoa kontatzen saiatuko gara.

Erakusketan euskaraz idatziak edo euskerarekin zerikusia duten hainbat antzinako liburu egon dira ikusgai. Kontserbatzen den zaharrena Bernat Etxepare nafarrak 1545.ean Burdeos-en argitaraturiko Linguae Vasconum Primitiae ‘Euskaldunen hizkuntzaren hasikinak’ da erlijio eta maitasun bertsoekin. Europa osoan zabaldu zen Pizkundeko kulturaren islada izan zen liburu hau Euskal Herrian. Dante, Petrarca, Boccaccio eta beste italiar idazleen eraginez ordura arte ia idatzi gabeko herri hizkuntza batzu erabiltzen hasi ziren eta lehen gramatikak egin ere. Frantzisko I-ak, Frantziako erregeak, eskatu zuen ale bat bere jauregian gordetzeko, lege-gordailu moduko zerbait sortzen jardungo balu bezala, eta harrezgero Parisen gorde izan da, azken garaian Frantziako Liburutegi Nazionalean hain zuzen ere. Ikertzaile bat kontsultatzera joan den baikotzean baimen berezi bat eskatu egin behar izan du eta lortu ondoren gela berezi batean ikusi eta erabili ahal izan du begirale bat bere ondoan zuelarik.
Erakusketa hau antolatu den arte ez da inoiz Paristik atera. Besteak beste, adiskidetasun harreman baten bitartez lortu da oraingoan Euskadira ekartzea. Ziurtasun neurri handiak hartu dira bidaiarako: Gasteizen erakusketa gela prest zegoenean begirale batek ekarri zuen Frantziako hiriburutik bidai osoan bista bere gainetik kendu gabe. Erakustaretora iritsi eta tenperatura eta hezetasuna neurrikoak zirela egiaztatu ondoren hasi zen liburua bere tokian kokatzen. Hogei minutu eman omen zituen liburua zegoen moduan ikusteko, hau da, orrialde jakinean irikita geratzeko: Euskara, jalgi hadi plazara idatzita dagoen horretan hain zuzen ere.
Erakusketak iraun zuen bitartean begirale honek edozein momentutan etortzeko aukera zuen gelako egoera baldintza egokietan mantentzen zen egiaztatzera.
Kontratatu zen asegurua ez dugu jakin zenbatekoa izan den, baina pentsa daiteke kopuru garrantzitsua izan dela.

Honen ondoren Joanes de Leizarragak 1571. urtean euskeratutako Testamentu Berria aurkitzen zen, Joana Albret, Nafarroako erreginaren aginduz. Itzulpen zainduak eta argiralpen ederrak adierazten digute lan honetan erreginak dirutza inbertitu zuela.

Erakusketan zegoen alea Euskaltzaindiak utzi zuen maileguan. Beste liburu guztiak, hamalau osatu arte, Euskadiko Legebiltzarrarenak dira. Legebiltzarreko lehenengo presidentea izan zen Juan José Pujana liburuzale handia da. Bere aholkuz, beste askoren artean, XVI. eta XVII. mendeko liburuak erosi zituzten, gehienak arabarrak ziren Urkijo markesei. Bilduma honetan Araban euskeraz idatzi zen lehengo liburua aurki daiteke, Betolatzaren dotrina, 1595. urtean modu xume batetan argitaratua. Trentoko Kontzilioaren ondorioz (1545-1563) protestantismoaren proselitismoari aurre egiteko Eliza Katolikoak katiximak eta debozio liburuak euskeraz argitarazi zuen. Honen adierazle orain aipatutako dotrina eta baita Richelieu kardinalaren dotrinaren euskarazko itzulpena ere, Silvain Pouvrea-ren eskutik 1656an.

Andrés Pozak, Bizkaiko lizenziatuak, 1587an De la antigua lengua, poblaciones y comarcas de las Españas argitaratu zuen. Baltasar Etxabek, gipuzkoarrak, Discursos de la antigüedad de la lengua cántabra bascongada 1607an. Bi hauek gasteleraz eta euskararen alde. Dena den latinez idazten jarraitzen zen eta horrela Arnaut Oihenart-ek, abokatu zuberotarrak, Notitia utriusque vasconiae eman zuen argira 1638-1656 bitartean. Bertan Euskal Herriaren histoira idatzi zuen Nafarroako erresumaren ikuspuntutik eta baita euskararen gramatikaren lehen saiakera aipagarria ere aurkitu dezakegu.

Herri euskara dotore eta jasoaren maixua zen Pedro Axular nafarrak Gero argitaratu zuen 1643an, bigarren edizio bat 1700. urtean kaleratu zelarik.
Liburu hau bi aletan argitaratu zen. Erakusketan dagoen lehenengo aleak hain zuzen ere, gertakizun bitxi bat jasan zuen: Urkijo markesak Telesforo de Monzón-i oparitu zion atzerrian Euskadiko gobernuko ordezkaria izan zenean. Zenbait urte igaro ondoren Telesforo de Monzón-ek bere liburu hau Carlos Garaikoetxeari eman zion opari gisa eta honek, berriz, lehendakaria izanik, Legebiltzarrean uztea deliberatu zuen. Horrela ale hau bere hasierako bildumara itzuli zen.

Lucio Marineo Siculo-ren Opus de rebus Hispaniae Memorabilis (1533), Petrus Rubillartius-en Apostoluen sinboloa edo Kredoa(1614) hainbat hizkuntzetan bi liburu garrantzitsuak dira euskarari protagonismoa ematen diotelako, baina aipagarriena Joan Luzuriagaren Paranynfo celeste (1686-1690) da, non Arantzazuko Ama Birginak artzainei euskeraz hitzegiten die.

Eusko Legebiltzarrean erosi berriak ziren liburuak katalogatzeko eta sailkatzeko diasporatik ekarri zuten bibliotekaria, guraso euskaldunak baina Mexikon jaioa zen emakumea. Berak enkanteetan erositako liburuez saiatu zen bilduma osatzen, eta horren ondorioz euskeraz idatzitako lehen obren prezioek goraka egin zuten, ordura arte enkanteetan zebiltzan erosleek neurri jakin batean mantendu izan bazituzten ere.
Liburu hauen prezioen bigarren gorakada handia Leizarrageren Testamentu Berria Londresko enkantean saldu zenean gertatu zen. Eusko Legebiltzarrak beste erakunde batzurekin elkartuta hogeita hamar miloi pezeta bildu zituen, baina Nafarroako Legebiltzarra izan zuen lehiakide eta honek hogeita hamabi miloiko errematea eman zuen, diru kopuru horrekin liburua eskuratuz.
Egiazta daitekeenez zenbait euskal liburuk badute beren historio propioa.

Publica un Comentario