MUSKIZKO LIBURUTEGIKO 25. URTEMUGA.


Escrito el 4 junio 2012 – 00:49 | por admin

Muskizko Liburutegiaren 25. urtemuga zela eta maiatzaren 23an goizeko
hamarrak aldera liburutegien inguruan lan egiten dugun berrogei bat
lagun bildu ginen bertako areto nagusian.

Hiru hitzaldi zeuden iragarrita eta ekitaldia martxan jartzeko
anfitrioiak bere hastapenak kontatzen hasi zitzaigun, gela hartan
bertan, katalogoa gordetzeko zapata kaxa batekin, eta zehaztasun
handirekin liburutegiaren ibilbidea azaldu zigun, pertsonala eta
erabiltzaileen gorabeherak, eskaintzen dituzten zerbitzuak, aurrera
eramaten ari diren ekimenak…

Bertaratuen artean beste Udal Liburutegi arduradun asko zeudenez
aipamen berezi bat egin zitzaion Euskadiko Liburutegien Sareak
errezten duen Liburutegien arteko Maileguaren zerbitzuari, denek
etekin onuragarri bat ateratzen baitiote erabiltzaile moduan.

Liburutegia ezagutzeko aukera izan genuen, egun argiz eta landare
ederrez ornituta zegoelarik; kafea eta pastak hartzeko eta zapata
kaxak jatorrizko fitxekin non gordetzen diren erideteko baita ere.

Kexuren bat entzun genuen, Fernandok kafearen horren propaganda handia
egiten duenez gero, egun horretan prestaturiko kafetera ez zen nahikoa
izan eta deskafeinatua hartu behar izan zutenen aldetik.

Areto nagusira itzuli eta Jordi Serranok hitza hartu zuen,
liburutegietan erabil daitezkeen aplikazio interesgarri batzurekin
gure arreta piztuz.

Azkenik José Antonio Merlo gonbidatu zuten oholtzara igotzera.
Europeanari buruz hitz batzu esan ondoren, egun gure lanbidean gehien
kezkatzen gaituen gaiaz mintzatu zen, hau da, aurrekontu eta pertsonal
murrizketarekin zerikusia duena.

Giroa pixkat goibeldu egin zen, baina gainditu ahal izan genuen eta
saioa “Zorionak zuri ” kantatuz bukatu genuen.

Bazkal ondoren oraindik bertan geratzen ginen dozena bibliotekari
inguru Pobeñara joan ginen. Fernandok erakutsi zigun Lehenengo
Karlistadan Bilbok jasan zuen setioan zehar tropa Karlistek okupatzen
zuten muinoa eta baita Liberalek okupatzen zutena ere, hareatza eta
itsaso inguruan. Hein berean industrializazioa eta gerrak zerikusi
handia izan zutela azaldu zigun, ia batera garatu bait ziren. Prozesu
horren lekuko diren airetiko garraiotzailearen zutabeen oinarrien
haztarna batzu eta kargaderoaren lekua erakutsi zizkigun, bere
ibilbidea nabarmen geratzen zelarik.

Handik gutxira aldarte onez herria abandonatu genuen, hurrengo dealdi
bati zalantzarik gabe erantzuteko prest.

Etiquetas:

Publica un Comentario