ALDEE25


Escrito el 2 enero 2016 – 02:36 | por admin

2015.eko Abenduaren 18an.

Deialdian iragarri bezala, arratsaldeko seietan bildu ginen San Telmo Museoan.

Agurraren ondoren dantza saio labur bezain indartsua eskaini ziguten bi gaztek, Elenek lehenengo eta Beñatek jarraian Stravinsky-ren musika lagun zutelarik.

Argazkiz osatutako bideo bat ikusi genuen gero eta Anabella Barrosok, egungo presidenteak eta Bizkaiako Elizaren Arkibu Historikoko Zuzendaria, orain dugun presidenteak, hitza eman zien hasteko presidente eta batzordekide ohiei eta baita partaide guztiei denon artean elkartearen historia osatzen joateko. Marta Pérez-i ez zitzaion batere kostatu hitza hartzea elkartearen hastapenak kontatzeko: 1990. urtearen inguruan hainbat lizentziatu Liburutegi desberdinetan hasi ziren lanean, bibliotekarien ogibidea benetan ezagutu gabe. Batez ere beren formakuntza osatzeko asmoz elkarte bat sortzea erabaki zuten. Bakoitza bere lantokitik telefono deiak eginaz eta zeuzkaten baliabide urriekin martxan jarri ziren ilusioz beterik, beharrezko ziren lan guztiak eginez.

Asunción García-k bere hasiera kontatu zuen baita ere. Gurutzetako ospitalean hasi zen profesional moduan, Medikuntzako liburutegian, intseguridadez beterik. Madrilen eta Valencian bazegoen halako zerbitzurik, baina hemen inguruan ez. Estatu Batuetako Medikuntza Liburutegietako bibliotekarien elkarteko kide egin zen eta gero ALDEE-ren ezagutza egin zuen. Alor horri buruzko jardunaldi batzuk antolatu zituzten 1995.ean eta lortutako arrakastak elkartea finkatu eta indartu egin zuen.

Miguel Ángel Santos-ek, EHU-ko artxibariak, zehaztasun gehiago eman zituen. Marta Perezekin batera eta beste kide batzuekin batera lan egin zuen batzorde desberdinetan eta hainbat kargu izan zituen, 1999. urtetik 2001.era presidente izan zelarik. Bere ustez, eta Miguel Ángel Bravo, Gipuzkoako Foru Aldundiko artxibaria, ados zegoen horretan, Bilbon ospatu zen FESABID-eko kongresua 2000. urtean izan zen elkartearen balioa frogatzeko balio izan zuen ekintza naguzia.

Gipuzkoako Bibliotekarien Elkartea Eusko Ikaskuntzak 1986. urtean Iruiñean antolatu zituen jardunaldi batzuen ondorioz sortu zen. Bertan profesional gabezia eta liburutegien ardura zuten langileen formakuntza urriaz jabeturik elkarte bat sortzea beharrezkotzat zuten. Iñigo Sanz Ormazabalek, garai hartan Errenteriako Liburutegiko zuzendariak, ardura hartu zuen, lehenengo presidentea bilakatu zelarik Donostiako Udal Liburutegian, 1987.eko irailean ospatu zen asanblada batean. Akta liburuan agertzen den arabera ez zen 1988. urtera arte ofizialki izendatua izan. Hainbat urtez izan zuen kargu hori, batzordekide desberdinez lagunduta. Erreleboa hartu zuten hurrengo presidenteek elkartea gidatu zuten Susana Soto presidente izan zen legealdira arte. Orduan, 2000. urtean, Gipuzkoako Bibliotekarien Elkartea ALDEEn integratzea planteiatu zen. Asanbladan onartu eta elkarte bietako batzordekideek kudeaketa guztiaz arduratu ziren. Esther Casas, idazkaria, bertan lanean jarraitu zuen, patrimonioa ALDEE-ren eskuetara pasa zen eta formalki denok ALDEE izatea lortu zuten.

Iñigo Sanz dagoeneko ez dago gurekin. Duela urte batzuk, 2009.ean hain zuzen ere, minbizia z hil zen. Gogorapen hunkitu bat eskaini genion ekitaldian eta baita Concha Chaos-i ere, joan zen urtean utzi bait gintuen berak ere. Donostiako Udal Haur Liburutegiko zuzendaria eta kolaboratzaile estima ezina izan zen Gipuzkoako Bibliotekarien Elkartearen hastapenetan eta baita urteetan zehar izan zuen jardueran ere.

2008-2009. urteetan Joxean Garro, Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa arduratu zen kudeaketa arloan eguneraketa handi bat egiteaz, akaso Ramón Martín, Oñatin dagoen Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoko arduraduna eta 2013. urtera arte izan genuen presidenteak, aipatzen zuen geneari esker. Berak uste du elkarteetako partaide izateko gen berezi bat eduki behar dela, batez ere kargu gorenak hartzeko…

Nik ez nuen saio honetan hitza hartzeko aukerarik izan eta zerbait esateko gogoz geratu nintzen:

Nik Debako Liburutegian egiten nuen lan eta Gipuzkoako bazkidetu nintzen, eta Fernando Juarezek kontatzen zuenarekin, hau da, liburutegian lan egiten zuela, baina ez zela bibliotekari sentitzen, guztiz bat nator, nik sentimendu bera baineukan. Herri txiki bateko liburutegitik eduki nezakeen ikuspuntutik erabat kanpo geratzen zitzaizkidan ekitaldi honetan entzundako liburutegi espezializatuei buruzko kontuak. Urteak pasa dira, egoerak aldatu eta orain, atzera begiratzerakoan elkarte bateko nahiz besteko jatorria izan arren, denok iragan bera izango bagenu bezala sentitzen dut, inoiz bereiztuta izan ez bagina bezala, gaur egun guztiz integratuta gaudela sentitzen dudalarik, inongo desberdintasunik gabe. Eta horretan nik uste Estherrek eragin handia izan duela, bazkide guztiak bateratzen.

Beste hizpide batzuk izan genituen, Jon Baguesena, adibidez, bere liburutegiaren berezitasuna aipatuz, eta nola bere arloko profesionalak, musika inguruan dihardutenak, formakuntza eta eguneraketaren beharrean zeudelarik, ALDEEra hurbiltzeko komenigarritasuna ikusi zuten, momentu honetan Euskadiko liburutegi guztiak biltzen dituen sistema baten premia aldarrikatzen duelarik. Duli Velez-ek, Mondragón Unibertsitateko bibliotekariak eta egungo batzordekideak, horretan lanean dihardugula ihardetsi zion eta instituzioetako ordezkariekin mantendutako bilera batean hartutako konpromezuen arabera, laster lan mahai batzuetan parte hartzea eskatzen hasiko garela, zeintzutan eremu desberdinetako ordezkariak izango diren, bai liburutegiei eta bai artxibategiei dagokionetan, eta bertan sortzeko asmoa dagoen koordinazio erakundeak lehentasunez ekin behar dien gaiei eta helburuei finkatuak izango dira.

Azpimarragarria baita ere aita Juan Jose beneditarraren interbentzioa, bere hastapenak gogora ekarriz, Montserratera bibliotekonomia ikastera joan zenean eta paperezko fitxak eskuz betetzen ibili zela kontatuz. ALDEEren hastapenetan berak kudeatzen zituen funtsen katalogo bat argitaratu zuen beste batzuren artean, Jon Bilbao, Eusko Bibliographiaren arduradunaren oniritzia jasoaz.

Anabellak aipatutakoa laburbilduz saioari bukaera emateari ekin zion, San Telmo Museoari batez ere eta ekitaldia ahalbidetzen jardundako laguntzaile guztiei eskerrak emanez eta mokadu bat hartzera gonbitatuz.

San Telmo-tik irten eta gero pixkat luzatu ginen oraindikan. Kontxaraino heldu orduko ilargia laino baten gainean kulunkatzen zegoela ematen zuen, argiztapen lasaigarri bat proiektatuz. Kotxea hartu eta etxeruntz gidatzen nentorrela hontz bat gurutzatu zuen hegan errepide gainetik Orio inguruan, eta erromatarren tradizioak gogora ekarriz, Elkartearentzako aurrezantzu ona zela iruditu zitzaidan. Horrela izan dadila eta ea konturatu orduko ALDEE50 eko ospakizunean berriro elkartzen garen.

Elisabet Mas

Etiquetas:

  1. Una Respuesta en “ALDEE25”

  2. Por Inma en Feb 3, 2016 | Responder

    Eta beste asko egingo ditugu

Publica un Comentario