2019/06/26- Eibar

Datozen hamar urteotan, artxibo eta liburutegiak kudeatzen dituzten langile publiko gehienak erretiratuko dira. Horrek ekarriko du administrazioan kontratazioak egin behar izatea, baina kontratu horiek bi motatakoak izan daitezke: zuzenekoak edo zeharkakoak, azpikontratatutako enpresen bidez.
Jardunaldian ikuspuntu guztiak aztertzen saiatu ginen, bai enpresen aldetik eta bai langileen aldetik. Kontratazio mota desberdin horiek dakartzaten alde onak eta txarrak mahai gainean ipini ziren.
Labur esanda, kontratazioak zuzenekoak badira, kontrol gehiago dago administrazioaren aldetik eta langileen lan-baldintzak hobeak dira. Zeharkakoak badira, kudeaketa eta pertsonal kostuak ez dira iraunkorrak administrazioarentzat, administrazioak ez ditu langileen bajak bere gain hartu behar eta kudeaketa profesionala bermatzen da.
Baina hauxe gelditu zen argi: lehenengo eta bigarren mailako langileak daudela kontratuen arabera. Enpresek batzuetan baldintza oso estuak jasan behar dituzte eskaintza publikoetan eta horrek ondorio garbia du langileen lan-baldintzetan. Profesional onak daude lan merkatuan, baina baldintza horietan kontratatuta ezin da bermatu lanaren kalitatea.
Beste alde batetik, administrazioak lan teknikoak egiteko laguntzaileak eskatzen ditu eta ez dago hori kontrolatzerik ez badago norbait oinarri guztiak aztertzen eta salatzen.
Formakuntza oso garrantzitsua da, profesional onak topatu ahal izateko. Baina gure erkidegoan ez dago ikasketa formalik, formakuntza osagarria baino ez dago.
Administrazioaren, langileen eta enpresen arteko elkarlana oinarrizkoa da. Hau dela eta, FESABID klusterra, Informazio eta Dokumentazio kudeaketaren arloko enpresen erakundea, eredu izan behar da gure erkidegoan.
Eta, bere aldetik, ALDEE Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkarteak hauxe egin beharko luke: profesionalen kezkak jaso, agente guztien arteko elkarlana sustatu, kontratazioetan aholkularitza eskaini, formakuntza bermatu eta lan-baldintzen egokitasuna zaindu. Ez da lan makala!