
Yanirak eskatu zidan aurtengo asanbladaren berri labur bat egitea boletinean argitaratzeko. Garai batean nere kontura prestatzen nituen, inork eskatu gabe. Enbidia ematen dit bere energiak. Gaztetasunagatik izango da, baina denak zirikatzen gaitu martxan jartzeko eta bere ardurei dagokionez, guztietara iristeko denbora ematen dio, kontutan izanik eten gabe oposaketak prestatzen ari dela. Pentsatzen dut bilatzen ari den lan egonkortasuna laster aurkituko duela.
Asanbladak aurkezpen mota berria estrenatu zuen ekainaren hogeian koronabirusaren pandemiak eraginda. Konfinatuta geundenean bilera telematikoetan entrenatu baginen ere, errespetu pixkat ematen zigun hogeita hamar lagunetik gora bilduko zuen asanbladak. Berme handiko plataforma eskuratu eta entsegua egin genuen bi egun lehenago. Dena prest utzi genuen larunbaterako eta eskerrak B planen bat atonduta geneukana, zeren praktikan jarri behar izan genuen. Teknologiak ez dira ehuneko ehun fidagarriak eta momenturik desegokienetan kale egin dezakete.
Pozgarria zen aspaldiko kideak ikustea etxetik mugitu gabe, irudi txiki batean bazen ere. Bat edo beste arbol artean asanblada jarraitzen ari zela antzeman nuela uste dut. Ziur nago denok faltan bota genuela muxu eta besarkadak emateko ohiko aukera. Feriak, asanbladak, jardunaldiak… izaten dira ezagunak eta lagunak agurtzeko paradak. Mirenek zioen batzordean egoteak ikasteko aukera ematen duela, baina baita “kolegak” ezagutzeko eta lagunak egiteko ere, hainbat gatazkatan ukondoz ukondo aritzen garelako.
Ikasteari dagokionez, nik batzordean hasi berria nintzenean, “mapak” osatzen aritzen nintzen, Fernandok aipatzen zituen modukoak: profesional bakoitza nor zen eta non egiten zuen lan. Eta horren osagaia: zenbat erakunde zeuden eta nor zen bertan lanean ziharzuena. Geroztik harremanak, beraien artean eta elkartearekiko. Ordura arte lanbidea lantokiko ikuspuntutik ikusten nuen, baina elkarteak ikuspegia asko zabaltzen du. Bestetik, FESABIDekin nolabaiteko harremana izateko aukera sor daiteke, eta orduan ikuspuntua zabalago izateaz gain, elkartea bihur daiteke helburu. Tailer eta kongresuetan elkarte desberdinetako kideekin lan egiteko eta konpartitzeko beta izaten da eta lortu daitezkeen ekarpenak benetan interesgarriak suertatu daitezke.
Azken urteetan asanbladarako martxoa aldera biltzen ari ginen. Aurten ezinezkoa izan da eta 2019 dagoeneko urruti geratzen dela dirudi. Garai hartarako web orrialdea oraindik ez zegoen prest eta asanbladarako aurkezteko konpromezua zegoenez, pixkat atzeratzea erabaki genuen. Gero konfinamendua, telelana eta egokitzapen guztiak gainditu egin behar izan ditugu, ospatu zen eguna arte.
19a trantsizio urtea izan zen. Batzordean hainbat urte zeramaten batzordekideek alde egin zuten eta berriak sartu ziren. Egia da Fernando aurretik Zuzendaritza batzordeko bileretara etortzen hasia zela FESABIDen ALDEEren ordezkaria zelako eta horrek balio izan zion dinamika bereganatzen joateko. Formula egokia dela egiaztatu da eta aurten kide berriak gonbidatu ditugu azken bileretara asmo horretan. Jarduera nahiko definituta dator aurretik; prozedura ardurak hartzean datza eta aurrera. Inmak, jerenteak, azpiegitura ornitzen, ohizko lanak aurrera ateratzen ditu eta modu honetan elkartea bizirik mantentzen da.
Batzordekide berriek koordinatzeko modua lortu dutenean estilo berria ekarri dute elkartera. Norberaren aurkezpena egiteko bideoa ekoiztea izan da horren erakusle bat, baina pixkanaka elkarteari nortasun berri bat inprimatzen ari dira, aurretik zetozen zenbait hildotan oinarrituta, baina norabide berriak urratuz baita ere. Egokia da elkarteak bultzada eta aire berriak jasotzea. Batzutan zutabeak balore batzuk izango dituzte oinarri sendoagoa eta bestetan diferente batzuk. Batzordekide bakoitza oroituko da bere garaian jorratutako gaietaz, ibilbidearen zailtasunetaz, izandako bidelagunetaz… eta gure ekarpenak bertan geratzen dira. Fernandok gogora ekarri zuen lehendik emandako urratsak eman ez balira, orain ez litzatekeela posible izango esparru berriak jorratzea.
Ea normaltasun berrira aguro egokitzen garen eta ea datorren urtean ze berri dauden asanbladan kontatzeko.
Elisabet Mas