Patxi Etxeberria Mendia


Escrito el 25 junio 2020 – 20:22 | por Yanira Díaz de Aranguiz

Urtetan ALDEEko bazkide eta presidente ere izandako, eta egun Gipuzkoako Foru Aldunduko Administrazio Agiritegiko atal burua denari elkarrizketa.

– Nola hasi zinen zu elkarteko batzordean, proiektu bat zeneukan, helburu batzuk lortu nahi zenituen? Garai hartan lanbide honetan jende gutxi ibiltzen ginen, kanpoko pertsonen estima lortzeko zerbait egin behar genuela pentsatzen genuen eta horregatik sartu ginen.

– Nolako laguntza/lankidetza aurkitu/izan zenuen? Zer botatzen zenuen faltan? Dena botatzen nuen faltan, baina ilusioa eta gauzak egiteko gogoak nahiko izaten ziren aurrera joateko. Jende asko ez ginen, baina lankidetza nabarmena zen eta pozik ibiltzen ginen.

– Zer azpimarratuko zenuke batzordekide/presidente izan zinen garaitik? Jarduerak, dinamika, finantziazioa… Batez ere dinamika, gehien bat formazio arloan. Gehienak autodidaktak ginen eta hori une askotan segurtasun ezan bihurtzen zen. Pixkanaka gure burua prestatzen joan ginen eta, azkenean, lan munduan gure burua aditu bezala aurkeztea normala bilakatu zen.

– Nola gogoratzen duzu Bilbon antolatu zen FESABIDen kongresua? Nerbioak eta beldurra, kongresua antolatzeko ardura hartu genuen eta kongresua bukatu arte nerbioak ziren nagusi. Bukaeran lasaitasuna eta bakea, ahal genuena egin genuen, eta kongresua nahiko polita suertatu zen.

– Zer suposatu zuen zuretzat elkarteko batzordekide izateak? Eraginik izan du zure lanbidearen jardueran? Pertsonalki? Ekarpena pertsonala izan zen. Nere burua, profesionalki, hobeto ikusten nuen eta erlazio sare batean sartuta nengoen eta lanerako oso ondo zetorren, nire bizitza profesionalean ia beti bakarrik egin baitut lan. Azkeneko 10 urtetan beste teknikari bat egon da nirekin lanean.

– Gure belaunaldia jubilatzear dago, datozen bost-hamar urtetan gehienok jubilatzen joango gara. Besteak beste, guri egokitu zitzaigun eskuz egindako lanetik teknologien erabilerarako transizioa egitea. Zein pentsatzen duzu izan dela guk egindako ekarpena, ekarpenik egin badugu, gure bizitza/prozesu laboralean? Aldaketa hori egitea tokatu zaigu eta bidean beti ikasten egon behar izan dugu. Horrez gain gure lanbidea gizartean kokatu izan dugu, administrazioan eta enpresa handitan gure lana beharrezkoa dela jakinaraztea eta pertsona arruntak garela gizartean ikusaraztea, ez gara “ratón de biblioteca” edo “esos que escarban entre los papeles viejos”.

– Ausartuko zinateke, egokia iruditzen zaizu alboraketa bat egitea jubilatzear gauden profesionalak datorren lanbideko kide gazteekin, urte hauetan lanean hasten direnekin? Zer esango zenuke?   Nik gauzak nahiko garbi dauzket, gure garaia amaitzear dago, eguneroko lanean ez gara ibiliko, baina horrek ez du esan nahi ez garela egongo. Erreleboa iritsi da, profesional askoz prestatutakoekin, gure laguntza edo gure kontseilua nahi edo behar badute han egongo gara, laguntzeko ilusioarekin.

– Informazioaren kudeaketa: Artxiboko lana, liburutegikoa, dokumentalistena. Euskadin formakuntza arautuaren barruan ezartzea, zer irudituko litzaizuke? Ideia/aholkuren bat horren inguruan? Euskadi mailan zerbait egon behar duela garbi dago, baina hori aurrera eraman behar dutenek (Eusko Jaurlaritzak, Unibertsitateak, etab.) ematen du ez dutela hain beharrezkoa ikusten eta oraindik ezer gabe gaude. Nik beti pentsatu dut formazio orokor bat eduki behar dugula eta gero trebaketa berezi eta egoki bat, Unibertsitate mailako master edo aditu titulua.

– Profesionalen etorkizun hurbilari begira: funtzionaritza, enpresa pribatuak, free lanceak… Elkarteak zertan lagun dezake, zure ustez, gure lanbidearen/lankideen sustaketan? Beti pentsatu dut Elkarteren lana  bide hauetatik joan behar zuela – formazioa – profesional duintasuna – profesionales arteko erlazio-sarea

– Elkartea elkargo profesional bihurtzeko aukerak, ibilbideak… Zer esango zenuke honi buruz? Ez dut hain garbi ikusten, juridikoki zer ondorioak izango dituen aldaketa ondo aztertu behar da eta horren arabera erabakia hartu.

Fernando Juárez Urquijo

Publica un Comentario