‘Katalogazio aurreratua’, sakontzen jarraitzeko

Bigarren ikastaroa Gogora Institutuan.

Oinarrizko katalogazio-ikastaroaren ondoren, maila aurreratuagoa duen beste ikastaro bat eskaini dugu, batez ere katalogatzen duten profesionalentzat.

Ikasturte honetan, ikasleei katalogatzeko ezinbesteko jarraibide orokorrak eta inprimaki modernoetarako zehaztutako jarraibide espezifikoak helarazi nahi zitzaizkien, idazpen bibliografiko oso bat maila gorenean eraikitzeko.

Ikastaroak iraun duen hiru egunetan, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak (EIPS) diseinatutako katalogazio-prozedura orokorren ezagutza azpimarratu da, inprimaki modernoei aplikatzen zaizkienak (paperezkoak edo elektronikoak). Horretarako, Baratz Taldearen laguntza izan dugu eta haiei esker Absysnet programa erabili ahal izan dugu.

Lola Martinezek eman du ikastaroa, liburutegietan, artxiboetan eta dokumentazioan ibilbide luzea egin duen profesionalak. Azken urteetan Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza, Industria eta Kultura sailetan lan egin du, Gasteizen, eta 2018tik dokumentalista da Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Dokumentazio Zentroan (Gogora), Bilbon.

Ikastaroa EIPSren jarraibide katalografikoak beren gain hartzen dituzten liburutegietako eta liburutegidun dokumentazio-zentroetako langileei zuzenduta egon da.

Koronabirusaren epidemiak eragindako azken murrizketak gorabehera, ikastaroa aurrez aurre egin ahal izan da prebentzio-neurri guztiak hartuta.

Nere ustez edozein lanbidetan egunean egotea  garrantzitsua da. Lan egiteko moduak eta erabiltzen diren erremintak aldatuz doaz eta berrikuntza horiek jasotzeko bide egokia da ikastaroak egitea. Gainera, horrelakoetan gure egoeran dauden lankideekin egiten dugu topo eta horrek aukera ematen digu, aspaldiko lagunak ikusteaz gain,  ideia eta iritzi desberdinak trukatzeko, zalantzak argitzeko eta hausnarketa interesgarriak egiteko.  Are gehiago gure kasuan, sarean lan egiten baitugu, denon artean elikatzen dugun katalogoa izanik gure lanabesa. Horregatik, oso garrantzitsua da denok irizpide berberak erabiltzea dokumentuak katalogatzerakoan.  Gainera, Irizpide horiek  aldatuz doaz katalogoaren bertsioak aldatzen doazen heinean, eta informazio hori denoi iristea komenigarria da. Ikastaroak interesgarriak dira lana nola egin ikasi edo errepasatu eta erabilerarekin sortzen diren zalantzak argitzeko.  
Oso interesgarria iruditzen zait horrelako ikastaroak egitea. Uste dut sarriago egin beharko liratekeela. Oinarrizkoak dira gure lanerako. Eta ikastaroa egiten dugunok gero gure liburutegian katalogatzen duten beste kideei ikastaroan ikusitako aldaketa eta berrikuntzen berri eman beharko genieke.  
Gure lanbidean, nahiz eta denek ez izan aukera edo denbora katalogatzeko liburutegitik liburutegira alde handia baitago, denentzat ezinbestekoa da katalogoa erabiltzea. Horregatik, katalogoa ondo elikatzea garrantzitsua da. Zenbat eta informazio gehiago eta zehatzagoa bilatzeko aukera izan, orduan eta hobeto.  

Nerea Uriarte Goti, ikaslea.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.