Archivo de la categoría: Jornadas, congresos, seminarios y talleres

Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen VI. bilkura

Jardunaldian parte hartu zuten hizlariak eta ALDEE elkarteko ordezkariak.

Seigarren urtez, Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen Bilkura antolatu genuen ALDEEk eta UEUk. Aurtengo gaia: “Tokiko bildumak. GLAM erakundeek eta komunitateek tokiko memoria elkarrekin eraikitzen”.

Bilkuraren helburuak honakoak izan ziren:

  • Tokiko bildumen soslaia margotu; egitasmo nagusien egoera, lorpenak eta ohiko oztopoak.
  • Tokiko memoria elkarlanean biltzeko egitasmoak ezagutarazi; eragileak, rolak eta komunikazioa.
  • Tresnak eskaini ondarea elkarrekin bildu, tratatu, gorde eta hedatzeko.

Bost eragile ezberdinek hartu zuten parte, tokiko bildumen eraketa anitza eta ikuspegi zabalago batetik ikusteko aukera eman ziguna: 

JESÚS GUTIERREZ   Eibar F. T. Fundazioa 

“Sentimendu baten kudeaketa”

Azkenengo urtetan Eibar Futbol Taldeko historia berreskuratzeko egin dituzten ikerketen berri eman zigun. 

Nahiz eta azkenengo denboraldietan lehenengo mailan egon gora behera asko bizi izan dituzte aurreko hamarkadetan. Horregatik beraien erronka sustraietara jotzea da: non dauden baloratu eta nondik datozen ez ahazteko. Eibar F. T. aren Museoa antolatzeko helburua ere badute. 

AINTZANE AGIRREBEÑA   Badihardugu. Ahotsak proiektua

“Ahozko ondarearen artxiboa. Deba Ibarretik Euskal Herrira”

Ahotsak.eus proiektuaren helburuak honakoak dira:

  • Euskal Herriko ahozko ondarea batzea: etnografia, memoria historikoa eta hizkerak.
  • Materiala jaso, antolatu, landu eta hedatzea.
  • Elkarrizketa berriak bideoz. Grabazioak helburu, ez bidea.
  • XX. Mendeko euskal ahozko artxiboa osatzea.

Helburu hauek lortzeko asmoarekin, grabazio zaharrak bildu eta digitalizatzen dituzte elkarrizketa barriak jasotzeaz gain. Gero grabazioak herrika katalogatzen dituzte, kodifikazio batzuei jarraituz e.a. 

MIKEL LEOZ   Albaola Itsas Faktoriako Ondarearen  Teknikaria

“Albaola: itsas ondarea hedatzen”

Itsas ondarea beraientzat, gizakiek itsasoarekin harremanetan jartzerakoan lortutako zantzu kultural guztiak biltzen duen esparrua da: itsasontziak, errezetak, dantzak, kantak, ontzigintza tradizionala… Eta hau guztia biltzen da Albaolan lan esparru hauek dituelarik:  ikerkuntza, eraikuntza, nabigazioa-praktika eta hedapena. 

Hedapenean zentratu zuen bere hitzaldia. Bere hitzetan, behetik gora egindako proiektuek emaitza hobeagoak ematen dituzte – beraien kasuan bolondresekin, administraziotik dirua lortuz… 

MARGA ANZUELA   Donibaneko liburutegia

“Ubera liburutegia: parte-hartzeko prozesuak liburutegian”

Tokiko bilduma beraien nortasunean oinarrituta dago eta biltzen joateko, parte-hartze prozesu asko izan dituzte. Komunitatea proiektuaren ardatza izan da hasiera-hasieratik.

Oinarrizko kontzeptuak liburutegi honetan honako hauek dira: jakin-mina, emozioa, inspirazioa, sormena, irakurketa era zabalean, komunitate-sentipena, identitatea, ingurua, historia, ezagutza kolektiboa bultzatzea, elkartzeko gune bat izatea eta pentsamendu kritikoa. Eta ildo estrategiko hauek jarraitzen dituzte: 

  • Liburutegia errotuta komunitatean: sinergiak sortu, hirugarren gunea, tokiko historia ezagutu eta sustatu, ezagutza kolektiboa sustatu.
  • Irakurketa liburutegitik haratago: liburua bitarteko, arte guztiak sustatu, bizipenak kontuan izanda interesa sortu, pentsamendu kritikoa landu.
  • Sormenaren garapena: aukera eman, nork bere garapenean sormenari bidea egiteko, herri sortzailea bultzatu, liburutegian bildu eta zabaldu litezkeen edukiak sortu.

Haien tokiko bildumak jasotzen duena zera da: dokumentuak, fototeka, Sanjuandarren memoria eta wikipedia.

ARKAITZ ARTOLA   Gordegia. Egiako artxibategi grafikoa

Egiako auzoan badago 6 laguneko talde bat, argazki bilduma ederra biltzen eta sailkatzen ari dena. Auzoko teila fabrikak bere entitateari buruzko argazkiak bilatu nahi zituela eman zion bilkada talde honi. Bildumak ezaugarri zehatz batzuk izan behar zituen: herrikoia izan, webgune antolatu batean, lizentzia askekoa… 

Lagun taldeak argazkiak jaso, eskaneatu eta tratamendu teknikoa eman ostean (deskribatu, gaiak eman, urteka sailkatu…) webgunean jartzen dituzte eskuragarri. 

UEU. Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen V. Bilkura: Liburutegi eta artxiboak: funtzionaritzatik haratagoko kontratazio markoa. Nolakoa da etorkizuna?

2019/06/26- Eibar

Datozen hamar urteotan, artxibo eta liburutegiak kudeatzen dituzten langile publiko gehienak erretiratuko dira. Horrek ekarriko du administrazioan kontratazioak egin behar izatea, baina kontratu horiek bi motatakoak izan daitezke: zuzenekoak edo zeharkakoak, azpikontratatutako enpresen bidez.

Jardunaldian ikuspuntu guztiak aztertzen saiatu ginen, bai enpresen aldetik eta bai langileen aldetik. Kontratazio mota desberdin horiek dakartzaten alde onak eta txarrak mahai gainean ipini ziren.

Labur esanda, kontratazioak zuzenekoak badira, kontrol gehiago dago administrazioaren aldetik eta langileen lan-baldintzak hobeak dira. Zeharkakoak badira, kudeaketa eta pertsonal kostuak ez dira iraunkorrak administrazioarentzat, administrazioak ez ditu langileen bajak bere gain hartu behar eta kudeaketa profesionala bermatzen da.

Baina hauxe gelditu zen argi: lehenengo eta bigarren mailako langileak daudela kontratuen arabera. Enpresek batzuetan baldintza oso estuak jasan behar dituzte eskaintza publikoetan eta horrek ondorio garbia du langileen lan-baldintzetan. Profesional onak daude lan merkatuan, baina baldintza horietan kontratatuta ezin da bermatu lanaren kalitatea.

Beste alde batetik, administrazioak lan teknikoak egiteko laguntzaileak eskatzen ditu eta ez dago hori kontrolatzerik ez badago norbait oinarri guztiak aztertzen eta salatzen.

Formakuntza oso garrantzitsua da, profesional onak topatu ahal izateko. Baina gure erkidegoan ez dago ikasketa formalik, formakuntza osagarria baino ez dago.

Administrazioaren, langileen eta enpresen arteko elkarlana oinarrizkoa da. Hau dela eta, FESABID klusterra, Informazio eta Dokumentazio kudeaketaren arloko enpresen erakundea, eredu izan behar da gure erkidegoan.

Eta, bere aldetik, ALDEE Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkarteak hauxe egin beharko luke: profesionalen kezkak jaso, agente guztien arteko elkarlana sustatu, kontratazioetan aholkularitza eskaini, formakuntza bermatu eta lan-baldintzen egokitasuna zaindu. Ez da lan makala!