Liburutegi Sarean lanean ari diren edo aritzeko asmoa duten profesionalentzako ikastaroa antolatu dugu aurten Euskadiko Liburutegi Zerbitzuko lankideekin elkarlanean: MARC21 formatuan katalogatzea.
Euskadiko Liburutegi Publikoen Sareko liburutegietan ematen diren pertsonal-aldaketek eraginda, etengabe jende berria sartzen ari da Liburutegi Sarean eta ohartu gara udal liburutegietan langileen artean desberdintasun handiak daudela formazio-mailari dagokionez. Egoera hori gainditzen hasteko asmoarekin, Sarean MARC21 formatuan katalogatzeko oinarrizko ikastaroa eskaintzea erabaki dugu Estibalitz Zubiaur adituarekin, Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuko Katalogazio arduradunarekin.
Ikastaroa iragarri orduko harrera ezin hobea izan zuen eta, hasiera batean ezarri genuen 15 ikasleko muga gaindituta, 20 laguneko taldea onartu genuen. Ikastaroa Gasteizen egin genuen, Artium Museoko areto batean.
Dena dela, ikastaro honetarako itxaron-zerrendan hainbat lagun geratu dira eta datorren urtean, 2023an, berriro antolatzea erabaki dugu, horiei lehentasuna eskainiz. Datak aurrerago iragarriko ditugu.