Archivo de la etiqueta: Beneditarren artxiboa

Lazkaoko Beneditarren artxiboan izan gara

2022ko bigarren bisita profesionala dokumentazio-gune berezi batera egin dugu, Lazkaoko Beneditarren Fundaziora. Euskal Herrian den artxiborik bitxienetariko da Lazkaoko Beneditarrena, izan ere, besteak beste, euskal gaien inguruko 22.000 kartel eta 25.000 pegatinatik gora gordetzen ditu, 1970etik gaur egunera artekoak. Mota askotako pegatinak dira, nahiz eta politikoak eta sozialak diren nagusi, gainerako bildumekin gertatzen den moduan.

Juan Jose Agirre monje beneditarrak lau hamarkada daramatza euskal gaien inguruko liburu, aldizkari eta askotariko dokumentuak biltzen. 1970ean hartu zuen Agirrek Lazkaoko Beneditarren Monasterioko Bibliotekaren ardura eta berehala hasi zen hura antolatzen, liburu berriak eskuratu, bildumak osatu…, eta era berean, gerora Euskal Biblioteka gisa ezagutuko zenaren oinarriak jarri zituen, monasterioan aurkitu zituen liburu eta aldizkariekin eta handik aurrera bilduko zituenekin. Hori bakarrik ez, gainerako liburutegi eta artxiboetan artean gordetzen ez ziren dokumentuak biltzeari ere ekin zion: panfletoak, foiletoak, kartelak, pegatinak, egutegiak… Eta arreta berezia eskaini zion erbestean eta klandestinitatean ateratzen zen guztiari.

Aitzindaria izan zen Agirre bere lanean, eta hasiera-hasieratik etorkizunera begira izan zuen ikuspegi zabalari esker, euskal ondare dokumentalaren zati garrantzitsu bat salbatzen lagundu zuela esan daiteke.

Bisita interesgarria izan zen, Juan Jose Agirrek erak eta Miren Barandiaranek, dokumentazio zentroko arduradun eta ALDEEko kideak, gidatu zutena. Bitxikeriaz eta historiako ikasgaiez betetako azalpenak eman zizkiguten eta une gogoangarriak pasatu genituen.