Archivo de la etiqueta: bilketa

INFORMAZIO ETA DOKUMENTAZIO KUDEATZAILEEN VIII. BILKURAN LIBURUTEGI DIGITALAK IZAN DITUGU HIZPIDE

Aurten 30 laguneko taldea bildu da VIII. Bilkuran.

Ekainaren 29an UEUren egoitzan 30 laguneko taldea bildu ginen Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen VIII. Bilkuran. Aurten, iazko esperientzia errepikatuz, ASNABI eta Bilketa Euskal Funtsen Atariko lagunekin antolatu dugu jardunaldia. Eraldaketa digitalaz hitz egin nahi genuen eta hala antolatu dugu bilkura “Liburutegi, artxibo eta atari digitalak: digitalizazioaren erronkak Euskal Herrian” goiburuarekin.

Gaia aletzeko gurekin izan ditugu Mikel Aizpuru, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondare Zuzendaria, Euskariana egitasmoa azaltzen; Marie-Andrée Ouret eta Peio Jorajuria Bilketa Euskal Funtsen egitasmoaren arduradunak Baionako Mediatekan; Martin Jesus Saragueta, Nafarroako Liburutegi Zerbitzuko Zerbitzu Digitalen Bulegoko arduraduna eta ASNABIko kidea; Jone Arroitajauregi, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko eBiltegia sarbide irekiko biltegi instituzionalaren arduraduna; eta Maribel Nieto Freire, EHUko Gipuzkoako Campuseko Liburutegiko Dokumentazio Zerbitzuko arduraduna.

ALDEEko idazkariak, Oskia Agirrek, hartu du aurten jardunaldiak antolatzearen ardura nagusia ASNABIko eta Bilketako kideen laguntzarekin. Hori dela eta, UEUren Unibertsitatea.net blogean argitaratu berri duten elkarrizketa ekarri dugu hona, aurtengo jardunaldiaren nondik norakoen berri gehiago jakiteko.

Oskia Agirre Orbegozo

informazio eta dokumentazio kudeatzaileen VII. bilkuran batuko gara

2020. urtea urte garrantzitsua izan zen ALDEErentzat, baita ASNABIrentzat ere; lehendabizikoak 30 urte bete zituen eta bigarrenak 25. Marka da gero gure kolektibo txiki hauentzat! Beraz, lehenik eta behin, ZORIONAK! Eta milesker ere bai, haundia baita urte hauetan zehar egin den lana, eta haundiak ere bi elkarte hokek eman dizkiguten pozak. 

Erran bezala, 2020. urtea gure urtea izan zen eta ospatu bagenuen ere, pixka bat motz gelditu zitzaigun besta. Aurten, pandemian segitzen badugu ere, eta jada 31 eta 26 urte baditugu ere, ospakizunak aurrera segitzeak merezi duela pentsatu dugu eta uztailaren 1erako jardunaldi profesional polita prestatu dugu.

Urte mordoa behar izan dugu jardunaldi batzuk elkarrekin antolatzeko, lehendabizikoak baitira aurtengoak. Gogoa eta asmoa beti hor egon dira, izan ere ikastaroak eta bisita profesionalak egiteko eta mahai baten bueltan elkarrekin bazkaltzeko aunitzetan bildu izan gara, eta baita Bilketarekin ere (Baionako Mediatekaren bidelagun), gure kulturaren zaintzaren lanbideak batzen gaituenez. Baina jardunaldi profesional bat, hiru elkarteek elkarrekin, gaurdaino ez genuen egina… Eta bazen ordu!

Aurten bai, urtebetetze besta gisa edo, hementxe dugu UEUren laguntza estimagarriarekin prestatu dugun eguna, gai potoloa daukagula esku artean: “Euskal Autoritateak finkatze bidean”. Gehienak lehen partearekin gelditzen badira ere, “euskal autoritateak”, garrantzi gehiago du bigarrenak, “finkatze bidean”.

Hor dago koxka. “Finkatze bidean”. Izan ere, euskaratik, euskaraz eta modu bateratuan lan egiteko bildu den liburuzain profesionalen taldea da Euskal Autoritateen Lantaldea, hiru elkarteetako kideak eta bertze biltzen dituena, hizkuntza gutxitu batean bizi eta lan egiteak dakartzan hutsuneez jabetuta, egoerari buelta eman nahi izan diotenak. Egia da entitateek ere lan haundia egin dutela eta egiten dutela euskararen normalizazioa helburu, baina bibliotekonomiaren ikuspegitik ez zen orain arte euskal autoritateen gaia Euskal Herri mailan modu bateratuan landu.

Egon dira eskertzekoak diren saiakerak baina gaur da eguna Euskal Herriko Liburutegi Nazionalik gabe segitzen duguna eta, aurreko uretatik edanda, haren hutsuneetako bat betetzeko asmoz sortu zen duela lau urte Euskal Autoritateen Lantaldea, zazpi lurralde historikoen ordezkariekin, ezinbertzean, eta azken urtean ere diasporatik lanean ari denik ere batu delarik proiektura. Haundituz doa gure txikitxoa eta uztailaren 1ean agertuko da plazara, hau urduritasuna! 

Gogotsu gaude halere, lehendabizikoz hiru elkarteen artean prestatutako ekitaldia izanen delako, Euskal Herri osoarentzat baliagarria izanen den lana erakutsiko dugulako eta aurtengo prestaketa nola joan den ikusita, lehendabiziko mugarri hau gerora etorriko den bide luze eta polit baten hasiera markatuko duelakoan gaudelako.

Hortaz, denontzat, ZORIONAK, AUNITZ URTEZ eta laster arte!

Idoia Sobrino López ASNABIren Zuzendaritza Batzordeko kidea