2021eko uztailaren 1ean Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen VII. Bilkura egin zen Eibarko Armeria Eskolan, UEUren udako ikastaroen baitan. Aurtengo bilkura EAL-Euskal Autoritateen Lantaldeak antolatu zuen honako izenburu honen pean: Euskal Autoritateak finkatze bidean
1. Zer da EAL?
Euskal Autoritateen Lantaldea (EAL) 2017. urtean sortutako ekimen profesional bat da, eta euskarazko izen-abizenak dituzten pertsona-autoritateak euskaratik finkatu eta bateratzea du xede. Biblioteka nazional ororen egitekoa den hori, alegia, sistematika batean oinarritutako irizpideei jarraituz autoritateak finkatzea, egiteke dago euskal jatorriko autoritateen kasuan hizkuntza irizpideei dagokienean. Ageriko hutsune horri planteamendu tekniko batekin erantzun nahi izan zaio eta, horrela, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako eta mugaz gaindiko euskal diasporako liburutegi eta dokumentazio zentroetako profesionalen arteko elkarlanean oinarritzen den EAL egitasmoa sortu da.
Bestalde, EAL lantaldeak eta Eusko Jaurlaritzaren Ondare Zuzendaritzak adostutako elkarlanaren ondorio da AUBI (Autoritate Elebidunen Katalogoa) katalogoan EALek onartutako 225 autoritate inplementatu izana eta bide horretan jarraitzeko asmo sendoa egotea.
Lantaldearen helburu nagusia da erreferentzia fidagarri, bateratu eta iraunkorrak sortzea, bai euskal profesional eta liburutegientzako, eta baita nazioarte mailako egitura normatiboei begira ere (BNE, BNF, LC, VIAF, ISNI…).
Ordezkaritzari dagokionez, erakunde hauetako profesionalek osatzen dute lantaldea: Baionako Mediateka, Bilketa egitasmoa, Uztaritzeko Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzua, Baionako Euskal Museoa, ASNABI-Nafarroako Liburuzainen Elkartea, Eusko Jaurlaritzaren Ondare Zuzendaritza, EIMA Katalogoa, Renoko Jon Bilbao Basque Library eta HABE Liburutegia.
2. VII. bilkura, lehen aldiz, lau erakunderen artean antolatua
EAL taldeak ALDEEren zuzendaritzaren gonbidapena jaso zuen 2021. urtearen hasieran, hain zuzen ere, ALDEE eta UEUren artean azken sei urteetan antolatu izan duten “Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen Bilkura”ren zazpigarren saioa EAL taldeak antola zezan. Baita antolatu ere!
Euskal autoritateekin lan egiten duten biblioteka, dokumentazio zentro eta beste hainbat ekimenetako ordezkari andana biltzeaz gain (ikus beherago), aurtengo jardunaldi honek aipatua izatea merezi duen aldaketa nabarmen bat ekarri zuen: hain zuzen ere, aurtengo bilkura hau lau erakunderen artean antolatua izan zela: ALDEE eta UEU (urterokoak) eta, horiez gain, lehen aldiz, Nafarroako ASNABI elkarte profesionala eta Baionako Mediateka-Bilketa egitasmoa. Horrela, bada, era naturalean egin dute bat Euskal Herriko hiru eremu administratiboetako ordezkari profesionalek eta UEUk, dokumentazioaren alorreko profesionalei jardunaldi bat eskaintzeko. Pentsatzekoa da aurrerantzean ere aliantza honek bidea urratzen jarraituko duela.
Honako hauek hartu zuten parte VII. bilkuran, ALDEEren kudeatzaile den Lore Agirrezabalen gidaritzapean: Idoia Sobrino (Asnabi eta EAL), Pruden Gartzia (Azkue Biblioteka, Euskaltzaindia), Nere Erkiaga (Xenpelar Dokumentazio Zentroa), Mikel Elorza (Armiarma), Irene Arrarats (Berria), Galder Gonzalez (Euskal Wikilarien Kultura Elkartea), Oihane Oliveri (HABE Liburutegia eta EAL), Marie-Andrée Ouret (Baionako Mediateka-Bilketa eta EAL), Iñaki Arrieta (Jon Bilbao Basque Library eta EAL), Eguzki Urteaga (EHU, Eusko Ikaskuntza), Maite Lopetegi (NorDaNor-Euskal itzulpengintzaren datu-basea, EIZIE), Amaia Torrealday (Mondragon Unibertsitateko Biblioteka), Roberto Kerexeta (EIMA katalogoa eta EAL).
3. Euskal autoritateak finkatze bidean
Bilkura hau antolatzean bi helburu nagusi planteatu zituen EAL lantaldeak: batetik, parte-hartze zabala ziurtatzea, arazoaren transbertsalitatea agerian jartzeko eta, bestetik, lantaldearen bost urteko ibilbideak emandako emaitzak aurkeztea, finkatutako lan-prozedura eta metodologia, emandako aurrerapausoak, aurkitutako arazoak, eta abar. Azken finean, nahi zena zen euskal pertsona-autoritateak finkatzearen gaia gizarteratzea eta esparru bereko eragile ezberdinen artean adostasunak, konplizitateak eta aliantzak sortzeari aukerak ematea, aurrera begira egin beharreko urratsei sendotasunez ekiteko.
Bi helburu hauen lorpen-maila handia izan zen eta, zorionez, egitasmoa indartuta atera zen, sinergia ugari sortu ziren eta etorkizuneko lanak lehentasunen arabera antolatzeko oso lagungarria gertatu zen.
Horrela, bada, EAL-Euskal Autoritateen Lantaldeak bi bide hauek jorratzen jarraituko du aurrerantzean ere: pertsona-autoritateak finkatzea, batetik, eta erabakitako forma horiek ahalik eta hedapen zabalena izan dezaten, administrazio ezberdinetako erakundeekin eta eragileekin elkarlanean aritzea, bestetik.
Imanol Irizar