Archivo de la etiqueta: erakusleiho

GURE “LEIHOAK” IKUSGARRI JARTZEN IKASI DUGU

Aurtengo lehen online ikastaroa izan da hau, Erakusleiho kulturalen diseinua, eta sekulako arrakasta izan du, 60 pertsona baino gehiagok eman zuen izena. ALDEEko bazkideek doan egin ahal izan zuten, gainera. Izen-ematea bereahala itxi behar izan genuen, aurreikusi baino jende gehiego apuntatu zelako, eta, hala ere, bi saio antolatu behar izan genituen guztiei aukera eman ahal izateko.

Lau orduko ikastaroa zenez, bideo-konferentzia bidezko formatua hautatu genuen eta ikastaro birtuala izan zen arren, zuzenean jarraitu genituen Meritxell Trullas aditu kataluniarraren azalpenak.

Formazio-saio honen helburu nagusia ikasleek oinarrizko ikuspegi orokorra lortzea izan zen, erakusleiho-apainketaren sektorean esku hartzen duten elementu orokorrak jorratuz, kulturaren ikuspegitik, beti ere; ikus-komunikazioko prozesuak zehazten dituzten faktoreetatik hasi eta dekorazio-lanaren estrategietaraino.

Izan ere, liburutegi, dokumentazio-zentro eta artxibo interesgarrienak ere nekez egingo zaizkio erakargarri erabiltzaileari, bertan eskuragarri duena ezagutzen ez badu, ikusten ez badu, bidea tentagarri egiten ez bazaio, ezustean harrapatzen ez badugu… Baina hori nola egin ba ote dakigu? Hori zen gure galdera eta horri erantzun egokia eman nahian jo genuen Trullasengana. Hainbat aholku, trikimailu eta materialen berri eman zigun lau orduko saioan eta, dagoeneko, han ikasi edo ikusitakoaren emaitzak hasi gara liburutegi batzuetan ikusten.