Archivo de la etiqueta: Estibalitz Zubiaur

LIBURUTEGI ZERBITZUKO PROFESIONALEKIN ELKARLANEAN

Liburutegi Sarean lanean ari diren edo aritzeko asmoa duten profesionalentzako ikastaroa antolatu dugu aurten Euskadiko Liburutegi Zerbitzuko lankideekin elkarlanean: MARC21 formatuan katalogatzea.

Euskadiko Liburutegi Publikoen Sareko liburutegietan ematen diren pertsonal-aldaketek eraginda, etengabe jende berria sartzen ari da Liburutegi Sarean eta ohartu gara udal liburutegietan langileen artean desberdintasun handiak daudela formazio-mailari dagokionez. Egoera hori gainditzen hasteko asmoarekin, Sarean MARC21 formatuan katalogatzeko oinarrizko ikastaroa eskaintzea erabaki dugu Estibalitz Zubiaur adituarekin, Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuko Katalogazio arduradunarekin.

Ikastaroa iragarri orduko harrera ezin hobea izan zuen eta, hasiera batean ezarri genuen 15 ikasleko muga gaindituta, 20 laguneko taldea onartu genuen. Ikastaroa Gasteizen egin genuen, Artium Museoko areto batean.

Dena dela, ikastaro honetarako itxaron-zerrendan hainbat lagun geratu dira eta datorren urtean, 2023an, berriro antolatzea erabaki dugu, horiei lehentasuna eskainiz. Datak aurrerago iragarriko ditugu.

‘Katalogazio aurreratua’, profesionalentzat

Artiumek eskainitako espazio zabala baliatu genuen.

Iaz bezala, oinarrizko katalogazio-ikastaroaren ondoren, maila aurreratuagoa duen beste ikastaro bat eskaini dugu, batez ere katalogatzen duten profesionalentzat.

Deskribapen bibliografikoko eremuak, gaiak, SHUa; autoritateak sortzea EISPren jarraibideen arabera; eta MARC21 formatuko etiketak, adierazleak eta azpieremu-kodeak ezagutzea izan dira ikastaro honen helburuak.

Estibalitz Zubiaur adituaren jarraibideak eta tutoretza izan dituzte ikasleek eta zuzenean katalogatu ahal izan dute eurentzat sortutako probatarako modulu bati esker. Hain zuzen, gerora ere Euskadiko Liburutegi Sarean diharduten profesionalentzat ezin egokiagoa da Zubiaurrekin harremanetan jartzea, bera baita Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuko katalogazio arduraduna eta sareko katalogazio guztiak gainbegiratzen dituena eta zalantzak argitzen dituena.

Ikastaroa EIPSren jarraibide katalografikoak beren gain hartzen dituzten liburutegietako eta liburutegidun dokumentazio-zentroetako langileei zuzenduta egon da.