Archivo de la etiqueta: GALDE

INFORMAZIOAREN KUDEAKETAKO PROFESIONALENTZAKO LEHEN LAN-HITZARMEN SEKTORIALA SINATU DA GIPUZKOAN

[LABek argitaratutako albistetik hartutako irudia]

Duela bi urte hasitako lanak bere fruituak eman ditu, eta azkenean ongietorria eman diezaiokegu Gipuzkoako informazio eta dokumentazio kudeatzaileentzako Hitzarmen Kolektibo Sektorialari.

Aurrerapen hori probintziako enpresarien gehiengoak egindako lan gogorraren emaitza da, GALDE izeneko patronala, sektoreko langileen kolektiboa eta hauen sindikatu nagusiekin batera.

Gogoratu sektorearen behar historiko bati erantzuten dion hitzarmen bat dela, duela urte batzuk arte gurea, Administrazio Publikoari lotutako ogibidea baitzen, bere hitzarmenek arautzen zutena. Estatu osoan argia ikusten duen sektoreko lehen hitzarmena dela ere, azpimarratu behar da.

Aurrerapenen artean, langileen eginkizunetan oinarritutako lan-kategoria bat dagoela aipatu behar da, eta, horretarako, titulazio akademiko batzuk eta egiaztatutako gutxieneko lan-esperientzia finkatuko dira. Lanbide-esperientzian oinarrituta, kategorien arteko barne-sustapena ahalbidetuko da, eta langileen subrogazioa bermatuko da, beste hobekuntza batzuez gain.

Urrats hau funtsezko tresnatzat jotzen dugu etorkizunean Administrazio Publikoaren lizitazio eta lehiaketen aurrean enpresen aukera-berdintasuna errazteko, baita sektorean dagoen lan-prekarietatea arintzen saiatzeko ere.

Eskerrak eman nahi dizkiegu egindako lanagatik GALDE elkarteari, langileen kolektiboari eta sindikatuei, eta, dagokigun aldetik, ALDEEko batzordeari, prozesuan aktiboki parte hartu duelako eta interesa duten eragileen jarrerak hurbildu dituelako. Gure ustez, lortutako emaitzak merezi du egindako ahalegina.

Gipuzkoa gainerako probintziek jarraitu beharreko eredu gisa erabil dezaketen bidearen aitzindari bihurtu da.

ZORIONAK DENEI!

Patricia Fernández Etxenike

ALDEEko batzordekidea

GALDE Gipuzkoako Artxibozain, Liburuzain eta Dokumentazio-guneen Enpresaburuen elkartea

Liburuzain, Artxibozain eta, orokorrean, dokumentazioarekin zerikusia duten ogibideak xarmagarriak suertatzen ohi dira. Hau da, lan horietan murgilduta ez dagoen jendeari gure ofizioa balore handikoa iruditzen zaio. Askotan, baita interesgarria ere. Alegia, esparru honek badu nolabaiteko prestigio soziala eta, egunero gurekin harremanetan izaten ditugun erabiltzaileak esker onekoak dira.

Alabaina, sozialki aitortzen den prestigio horrek oso bestelako errealitatea ezkutatzen du: lanbide hauen merkatu balio eskasa. Izan ere, lana erabat merkantilizatu egin da. Horrek, egun, gure lanbidean aritzeak hala moduzko prezioa izatea ekarri du. Ondorioz, esparru honetako kontratazioetan eskakizun profesionalak nahiz lan baldintzak hutsaren hurren bihurtu dira. Badirudi inoren erantzukizunik gabe gertatu dela gainera: ez kontratazioaz arduratzen diren erakunde publikoen aldetik, ez eta egoeraz baliatzen diren enpresen aldetik ere, lana galtzeko beldurrez dabiltzanak ez aipatzearren.

Ondorioz, gure lanen erabateko desregulazioa dugu aurrean: intrusismoa, formazio eskasa, eskaintza baldarrak…

Egoera hori aldatzeko asmoz, Gipuzkoako hainbat enpresa batu egin gara, baita eta enpresa-buruen elkartea sortu ere: GALDE, Gipuzkoako Artxibozain, Liburuzain eta Dokumentazio-guneen Enpresaburuen elkartea, hain zuzen ere. Agiri, Lazkaoko Beneditarren Fundazioa eta Ereiten dira elkartea sortu dutenak elkarrekin. Gure esparru profesionalean aritzen garenon gehiengoa biltzen da bertan, baina esan gabe doa ez dela elkarte itxia eta kide gehiago onartzeko prest dago.

Elkartearen helburuen artean da arestian deskribatutako egoera zuzentzea. Horretarako biderik eraginkorrena Gipuzkoa mailako lan hitzarmen bat sortzea dela deritzogu eta honetan ahaleginduko gara batik bat. Hasiberria den elkarte batentzat ez da erronka makala. Enpresa-buruak garen heinean, gure esparruan lan duina eta profesionala aldarrikatu nahi dugu. Administrazio publikotik kanpo aritzen garen profesionalok egoera berbideratzeko esku hartzerik ez badugu, lanpostuen baldintzak gero eta kaskarragoak izango dira, profesionaltasuna gutxitu egingo da eta lanaren kalitate maila jeitsi. Laburbilduz, gure parte hartzerik ezean, zerbitzu publikoa sendotu beharrean, horrek erabat ahulduta bukatuko duela sinetsita gaude.

David Zapirain

Ereiten Kultur Zerbitzuak