Archivo de la etiqueta: kontsultak

Bazkideekin | Kontsultak

Azken hilabeteotan hainbat kontsulta jaso ditugu bulegoan, gehienak posta elektronikoz eta telefonoz iritsi zaizkigu. Pandemia garaiak eraginda, ziurrenik, aurrez aurreko kontsultarik ez dugu izan. Hala ere, bulegoa zabalik dugu modu birtualean nahiz fisikoan:

943 462 024 – 605 715 007

aldee@aldee.eus

Bulegoa: Loiola Kalea, 14, 3. – 8. bulegoa. 20005 Donostia

** Aurrez aurreko hitzorduak telefonoz edo emailez eskatuta emango dira, soilik.

Profil profesionala

Azaroan, profil profesionalaren birbalorazio desegoki bati zein irtenbide eman galdetuz jaso genuen kontsulta bat. Oso gai delikatua baina garrantzitsua da hori elkartearentzat. Izan ere, asko dira une honetan birbalorazio edo eguneratze prozesuan dauden lanpostuak, eta, zoritxarrez, balorazio berriek egoera bidegabeetan uzten dituzte profesional gehienak, egindako lana gutxietsiz eta, lanpostuaren deialdi berria egiten den kasuetan, lan-baldintzak lehen baino okerrago utziz, hau da, dagokion profil profesioanala aintzatetsiz. Batzordekide guztien inplikazioari esker, bazkide honek bere lanpostua defendatzeko tresnak eta argibideak jaso ahal izan zituen.

Oposizioetarako materiala

EAEn hainbat lanpostu-deialdi egin dira aurten eta bazkide baten galdera deialdietako gaitegiei lotutakoa izan zen. ALDEEren bidez gaitegietako materiala eskura ote zitekeen edo Elkarteak bide hori errazten ote zuen jakin nahi zuen. Zuzendaritza batzordeak oso interesgarritzat jo zuen gaia, baita ALDEEk berak ere laguntza hori eman ahal izatea ere, baina ezezko erantzuna eman behar izan genion bazkideari. Izan ere, deialdi bakoitzak bere gaitegia izan ohi du eta ALDEEk ez du deialdi bakoitzeko aldatzen duten gaiei buruzko materiala edo informazioa eguneratzeko baliabiderik.

Oposizioak euskaraz prestatzeko aukera

Beste bazkide batek oposizioak euskaraz ikasi ahal izateko baliabideak eskatuz idatzi zuen Elkartera. Zehazki bibliografiarik edo euskaraz ikasteko zentrorik ezagutzen ote genuen galdetzen zuen. ALDEEren erantzuna baliabideak bezain motza izan zen halabeharrez, Oposizioak euskaraz egin daitezke, baina batzordekideek ez dute euskaraz formatzen duen zentrorik ezagutzen. Bibliografiari dagokionez ere, legeak, eskola liburutegietarako eskuliburuak eta gidak (Nafarroako Gobernuarenak), liburutegi zerbitzuko materialak… egon badaude, baina, zoritxarrez, ez dira nahikoa izaten deialdietako gaitegietan beste gai asko ere sartzen baitira. Hala ere, hemendik dei egiten zaie eskaera honentzako irtenbide hoberik ezagutzen duten bazkideei, gurekin harremanetan jar daitezen.

Ikasketak

Liburutegi eta artxiboetan lan egin ahal izateko formazioaz ere galdetu digute aurten. Historia gradua egina duen pertsona bat ALDEEra bideratu zuten EHU/UPVko Enplegugunetik. Izan ere, bere galdera zen ea gradu horrekin liburutegi eta artxiboetan lan egin ahal izateko zein ikasketa osagarri beharko lituzkeen; ea master batekin nahikoa izango ote zuen edo dagokien gradua beharrezkoa ote den. Master bat nahikoa izatekotan, zein aukera dauden ere jakin nahi zuen. Elkartearen erantzuna argia izan zen: liburutegi edo artxibo batean lan egin nahi izanez gero, graduaren edo masterraren aldeko apustua egiteko. Horrekin batera, ikasketa eta unibertsitate zerrenda luze bat ere jaso zuen. Jakin badakigu, administrazioan lan egiteko batxilergoa bera ere nahikoa dela gehienetan, baina gutxieneko ikasketa horiez gain, ezagutza bereziak frogatu behar izaten dira gehienetan, eta horretarako masterrak zein ikastaro bereziak lagungarriak izan daitezke. Bestalde, ALDEEk oso garrantzitsutza jotzen du formazioa duten geroz eta profesional gehiago aritzea liburutegi eta artxiboetan, hori izango baita, besteak beste, profil profesionalaren alde lan egin ahal izateko modurik eraginkorrena.