“JENDEAREN ESKUZABALTASUNARI ESKER LORTU DUGU ORAIN DAUKAGUNA”
Azaroaren 11 Lazkaoko Beneditarren Fundazioan egon ginen, ALDEEk antolatutako bisita profesionalean. Juan Joxe Agirre (Alegia, 1930) beneditarrarekin izan ginen bertan. Beneditarren monastegiko liburutegia erakutsi zigun bi ordu luzez, mimo handiz gordeta dauzkan altxorrak erakutsi zizkigun eta, nola ez, makina kontu eta bitxikeria kontatu ere bai.
92 urte dauzka Agirrek, eta pozik dago bizitzan egindakoaz; gaur egun ezagutzen dugun Lazkaoko Beneditarren Fundazioaren hazia erein izanaz dago harro, batez ere. Hazi hura nola erein zuen eta nola egin zuen ugal zedin; horretaz guztiaz hitz egin dugu berarekin. Baina, batez ere, konpromisoaz, bere konpromisoaz eta musu-truk funtsak biltzen lagundu dioten horien konpromisoaz.
Betiko galderarekin hasiko gara: nolatan hasi zinen bibliotekari lanetan?
Bibliotekaria izatea ez zen nire bokazioa izan hasieratik. Ni beneditarra naiz, 13 urterekin sartu nintzen hemen monasterioan, Lazkaon. Ikasketak egin ondoren monasterioko organista izango nintzela uste nuen; baina ez, irakasle izateko behar nindutela, eta irakasle egin nintzen Lazkaon bertan geneukan kolegioan. Denetik erakusten nuen, eta zuzendaria ere izan nintzen. Baina 1968-1969 urteen bueltan kolegioa itxi egin zen, Beasainen institutua eraiki zutelako, eta ezer gabe geratu nintzen. Monje guztiok bilatu behar izan genuen zerbait: batzuk baratza, beste batzuk inprenta, euskarako klaseak… Nik mediku izan nahi nuen, baina ez zidaten utzi; ez zegoela beharrik. Orduan Rufinok, gaur egungo prioreak, esan zuen bibliotekari bat behar zela etxean geneuzkan liburuak txukuntzeko eta abar; eta nik hartu nuen lan hori. Egia esan, orduan ez neukan gogo berezirik liburuekin lan egiteko, baina aitzakia polita zen kanpora ikastera joateko. Izan ere, nik ez nekien ezertxo ere liburuei buruz! Ezertxo ere!
Montserratera joan nintzen, beneditarren monasteriora, eta han ibili nintzen hiru urtez, ikasten. Lujo handia izan zen hori niretzat, hango biblioteka ikaragarria baita! Orduan ezagutu nuen nire benetako bokazioa, nire barrenean betirako geratuko zen har hori, gose hori.
Zerk txunditu zintuen Montserraten? Zeintzuk izan ziren zure helburuak Lazkaora itzuli zinenean?
Gauza askok txunditu ninduten: hasteko, bibliotekak berak, izugarria, munduko onenetakoa, liburu guztiak txukun-txukun apaletan, bakoitza katalogatuta bere fitxarekin makinaz… Niretzat berria zen hori. Baina, hori baino gehiago, Montserrateko monjeek Katalunyako kulturarekiko zeukaten konpromisoa, eta nola saiatzen ziren mantentzen euren hizkuntza, eurena propio zen guztia. Adibidez, Katalunyari buruz argitaratzen zen guztia gordeta, bai agerian agertzen zena, baita isilpean agertzen zena ere; eta erbestekoa ere bai, noski. Pentsa, gelatxo batean debekatutako guztia zeukaten, giltzapean. Niretzat hori guztia eredugarria izan zen. Eta horrelako zerbait egin nahi izan nuen nik hemen, Euskal Herrirako.
Hiru helburu nagusi jarri nizkion neure buruari Montserratetik bueltan. Hasteko, monasterioan geneukan biblioteka bera ondo jartzea. Gauza asko egin nituen: han eta hemen zeuden liburuak leku batean bildu, garbitu, inbentarioa egin, apalak prestatu eta liburuak bertan jarri… Obrak ere egin nituen, erabiltzen ez genituen gela batzuk liburutegirako prestatu bait nituen, paretak bota eta guzti.
Euskal biblioteka delakoa ere prestatu nuen. Euskal gaien inguruan geneuzkan liburuak hartu, eta gela propio batean jarri nituen, denak elkarrekin egoteko.
Eta horrekin batera, Montserraten ikusi nituen bi gauza egiteari ekin nion. Alde batetik, kartelak, pegatinak, lurrean geroz eta gehiagotan agertzen ziren oktabila eta papertxoak… bildu eta gordetzen hasi nintzen, ordura arte inork gordetzen ez zituelako, eta bazelako garaia horiei garrantzia ematen hasteko. Francoren azken urteak, Trantsizio garaiko lehenak…, paper ugari agertzen zen kalean egunero, eta hori gorde egin behar zen! Izugarrizko gauza bitxiak dauzkagu garai hartakoak.
Eta beste alde batetik, debekatuta zegoenari arreta berezia jartzen hasi nintzen, erbestean eta klandestinitatean ateratzen zenari. Euskaldun asko zegoen erbestean gerra zibilaren ondorioz, lan handia egiten ari ziren, eta hori dena galtzeko arriskua handia zen, hemengo liburutegiek ez zutelako, ezin zutelako gorde. Nik hori dena gordeko nuela erabaki nuen. Eta horrekin batera, eta oso modu berezian, klandestinitatean, isilean ateratzen zena ere bai. “Apología del terrorismo” egiten zenuela esaten zizuten horiekin harrapatuz gero. Baina norbaitek gorde beharra zeuzkan, eta nik, monasterioaren babesean, horiek denak gordetzeko aukera neukan. Nola ez gorde!
Indar handiarekin hasi nintzen. Dena nahi nuen: Euskal Herrian eta Euskal Herriari buruz ateratzen zen guztia, baina guzti-guztia, eh! Hura liburu eta paper gosea!
Zeintzuk izan ziren zailtasun handienak zure lana aurrera eramateko?
Zailtasun handiena hasieran, beharbada, monasteriotik ateratzeko zailtasuna izan zen. Gu komunitatean bizi gara, komunitatean egiten dugu otoitz ordu zehatz batzuetan, eta oso tarte gutxi neukan kanpora ateratzeko material bila. Bi orduko tartearekin ezin nuen, adibidez, Bilbora joan, materiala jaso eta etorri. Hori zailtasun handia zen, ez zen oraingo askatasunik.
Bestetik, lekua falta nuen behar bezalako liburutegi bat egiteko. Liburuak bagenituen, bai, baina sakabanatuta. Guztiak elkartu nahi nituen gela bakar batean…, eta gela aproposik ez! Horregatik, komunitatea konbenzitu nuen paretak botatzeko eta gela zabalak egiteko; zorua ere bota genuen parte batean, eta hiru pisutako gela handia prestatu. Montserrateko beneditar arkitekto batek lagundu zidan buruan neukana praktikan gauzatzen. Eta pixkanaka monasterioan lekua hartzen joan nintzen… Baina ez zen lan erraza izan, inondik inora. “Handikeritan” nenbilela ere esan zidan behin batek! Baina ni, aurrera, lekua egin eta lekua egin. Leku faltarena problema handia da gero liburutegi eta artxiboetan!
Dirua ere falta nuen, hasieran eta gero, baina hori lan bolondresarekin eta beste lekuetan behar ez zutenarekin (kaxak, karpetak…) konpontzen nuen. Kar kar!
Zailtasun handietako bat material bila irtetea zela esan duzu. Nola egin zenuen hasiera haietan materiala biltzeko?
Nik kanpora ateratzeko zailtasunak neuzkanez, besteei eskatu nien bilketa egiteko: nire ezagunei, lagunei…, eta batez ere, nire ikasle izandakoei. Izan ere, nire ikasle izandako mutiko gehienak unibertsitatean zeuden, eta asko, gainera, politikan bete-betean sartuta. Haiei eskatu nien, bil zezatela ateratzen zen guztia, eta ekar zezatela hona; “azken papertxoa ere bai, eh!”, esaten nien, “eta ezkutuan ateratzen bada, hobeto”. Hasieran ez zuten oso ondo ulertzen zertarako, baina nik esaten nien hori oso interesgarria izango zela etorkizunean ikerlarientzat.
Eta hala hasi nintzen, eta geroz eta gehiago bildu ziren nire inguruan: batak besteari esaten zion, horrek beste horri… Sare moduko bat sortu nuen, geroz eta handiagoa, geroz eta leku gehiagotara iristen zena. Eta, tartean behin, ni ere joaten nintzen paper eta liburu bila, oporrak hartzen nituenean batez ere. Pentsa! Parisen ere egon nintzen behin, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Gero komeriak materiala mugatik pasatzerakoan…, baina tira, hori ere egin genuen eta!
Gaur egun ere jarraitzen al du bolondres-sare horrek?
Sare hori ez da inoiz moztu. Pertsonak aldatu dira, bai, baina sareak hor jarraitzen du, modu batera edo bestera. Urte batzuetan batek gauza asko ekartzen dizkizu, beste urte batzuetan beste batek… Esan behar dut jendea oso leiala dela orokorrean; bada pertsona bat, adibidez, nirekin lanean berrogei urte daramatzana!
Gure sare hau oso gauza informala da, baina funtzionatzen du. Gure zentroaren identitatearen parte inportantea da, eta oso harro gaude hori horrela delako. Denen artean ari garelako gauza asko salbatzen, bestela betiko galduko liratekeen paperak jaso eta jaso.
Interneteko plataformei esker, gaur egun oso erraza da liburuak, aldizkariak, kartelak… saltzea. Baina, oraindik ere, jendeak zugan konfiantza izaten jarraitzen du.
Liburuak eta paperak saltzearena beti egon da. Beharbada orain gehiago, oso erreza baita Internetetik gauzak saltzea, edozer gauza, edonork. Eta tentazio handia ere bai, sos batzuk irabazteko. Niri ere esan izan didate: “hartu liburu hau, saldu, eta irabazitakoarekin liburu gehiago erosi”. Baina ni ez naiz inoiz joko horretan sartu. Eta saltzeko aukera egonagatik ere, jendeak gauzak ekartzen jarraitzen du, bai, musu-truk. Jendeak badakielako ondo kuidatuko dugula hemen, eta gero norbaitek probetxua aterako diola ekarritakoari. Urte asko dira, izen bat daukagu, konfiantza dute gugan… “Ondo egindako lanaren seinale!”, esaten didate.
Hala ere, nik beti pentsatu izan dut meritu handia daukala hona gauzak ekartzen dituenak, eskuzabaltasun handia erakusten duela. Eta interes bat, gure herriarenganako, gure kulturarenganako, ekarritako hori ez baita niretzat, gizarte osoarentzat baizik. Jendearen eskuzabaltasunari esker lortu dugu orain daukaguna, bai.
Beti errespetatu egin zaituztela esna izan duzu, alde batekoek zein bestekoek; baina beldurra ere pasa omen duzu behin baino gehiagotan…
Beldurra…, askotan, hasiera-hasieratik! Nik beneditarren komunitatearen barruan egin dut egin dudan guztia, haien babesa izan dut. Horrekin esan nahi dut, Elizaren babesa izan dudala, eta Elizarekin ez direla sartu. Baina, hala ere, beldurra pasa dut momentu askotan; loa ere kendu izan dit, ez pentsa!
Hasieran, Franco oraindik bizirik zegoelako, eta ezin zelako ezertxo ere egin! Gero…, oraindik ere goiz xamar zelako, eta gauzak ez zeudelako erabat irekita; 1981eko estatu kolpe saiakeraren ondoren, zerbait gertatu eta dena erreko zidatelako beldurra; gero ere poliziak noiz etorriko beldurrez…, beti beldurrez. Behin baino gehiagotan nik neuk hemendik paperak hartu eta kanpoan ezkutatu ditut, hor mendi puntan, baserri batean…, badaezpada.
Baina, egia esan behar badut, beldurrak beldur, eta sustoak susto, beti errespetatu izan naute, alde batekoek eta bestekoek. Nik denentzat egiten baitut lan!
Beste gauza bat ere esan behar dut: nik beldurra pasa dudan bezala, beste batzuk ere pasa dute, pasa dutenez. Eta horri eskerrak makina gauza lortutakoa naiz, adibidez etxean edo taldeen egoitzetan gordetzea arriskutsuak ziren gauzak niri ekarri izan dizkidatelako momentu puntualetan, hemen seguruago egongo zirelakoan. Eta orain denen eskura daude; ekarri ez balituzte, auskalo! Beraz, beldurrak ere on egin digu.
Zer da, zure ustez, ondorengoei utziko diezun ondare nagusia?
Hori beharbada beste norbaitek erantzungo dizu hobeto… Kar kar! Hala ere, ni gauza batez nago harro: bestela betiko galduko liratekeen gauza asko salbatu izanaz. Begira bestela zer nolako gauzak dauzkagun gure biblioteka eta artxiboan; erdiak erbestean, ezkutuan edo erdi-ezkutuan ateratakoak; edo etorkizunera begira gordetzeko inongo bokaziorik gabe zabaldutakoak. Baina orain hemen daude, denen eskura.
Eta gauzak salbatu bakarrik ez, salbatu behar horren kontzientzia zabaldu ere bai, nire ustez. Ni hasi nintzenean ez baitzegoen horren kontzientziarik, eta orain badago. Beharbada izango nuen nik zer esanik horretan!