Archivo de la etiqueta: libro

ALDEEk euskaraz argitaratu du Robert J. Glushkoren ‘The discipline of organizing’

Anna Juan Cantavella aditua parte hartzaileekin solasean.

Iragan azaroaren 20an, ALDEEren 30+1 urtemuga ospakizunean, aurkeztu genuen ALDEEk euskaraz argitaratu berri duen Robert J. Glushkoren The discipline of organizing liburua, Antolatzearen diziplina goiburupean.

Liburua osorik itzuli dugu euskarara eta online irakur daiteke HTML, ePUB eta PDF formatuetan, www.aldee.eus webgunean. Horrez gain, gure lanbideei erreferentzia egiten dioten atalik esanguratsuenak paperean argitaratu ditugu. Liburua ez da salgai jarriko baina bazkideek ale bat opari jasotzeko aukera izango duzue, Lorena Martinez Oronozek ilustratutako poltsarekin batera. Urtemuga ekitaldian izan ziren bazkideek han jaso zuten guztia, baina bertaratu ez zirenek urtarrilean izango dute horretarako aukera.

2022ko urtarrilaren 10etik 25era liburua EAEko hiru hiriburutan jasotzeko modua izango duzue inprimaki hau betez, eta leku bakoitzari dagokion egutegia eta ordutegia errespetatuz.

  • Donostian, ALDEEren bulegoan banatuko da (Loiola kalea, 14-3. / 8.bulegoa), honako egun eta ordutegian:
    • Astelehen eta astearteetan arratsaldez: 14:00-18:30.
    • Asteazkenetik ostiralera goizez: 08:00-13:30.
  • Bilbon, Gogora Instituaren egoitzako sarreran (Maria Diaz de Haro, 3), honako egun eta ordutegian:
    • Astelenetik ostiralera goizez: 09:00-13:00.
  • Gasteizen, Ignacio Aldecoa liburutegian (Florida ibilbidea, 9) honako egun eta ordutegietan:
    • Astelehenetik ostiralera: 09:00-14:00 eta 16:00-20:00
    • Larunbatean: 09:00-14:00

Liburuaren edukia

ALDEEk, Antolatzearen diziplina goiburuarekin euskarara itzuli duen liburua anbizio handiko lana da, The discipline of organizing liburuaren 2013ko lehen edizioa, TDO book izenaz ezaguna, ASIS & T-k (Association for Information Science and Technology) information science alorreko urteko liburua dela aitortu baitzuen. Informazio digitalaren arloko erreferentziazko argitalpen-zigiluetan berrargitaratu da, hala nola O ‘Reilly-n eta MIT-en edo Berkeleyko Unibertsitatean, eta laugarren edizioa du dagoeneko.

Lan hau gorabidean dauden arloen ikuspegiak txertatzen joan da pixkanaka, hala nola datu-zientzia, web-posiziondua edo datu-webgunea, eta gidaliburu bat sortu du, hiztegi partekatu bat proposatzen duena, bibliotekonomia eta dokumentazioa bezalako eremu klasikoetatik informazio-aktiboen kudeaketa korporatibora edo datu publiko irekien kudeaketara lotzen duena.

Liburu honen egileen ustez, ideia nagusietako bat da diziplina akademikoetan eta ikasketa-planetan izaten diren informazioaren antolaketa eta informazioaren berreskurapena bereiztea gaur egun ez dela lehen bezain garrantzitsua. “TDO book” lanak, adituek argi azaldu dutenaren arabera: “banaketa gutxi ditu informazioaren antolaketaren (IO) eta informazioaren berreskurapenaren (IR) artean. Aldiz, antolamendu-sistemen diseinuan eta hedapenean dauden erronkak eta funtsezko kontzeptuak azaltzen ditu, IO eta IRren arteko harremanak eta konpentsazioak etengabe azpimarratzeko. Antolamendu-sistemaren kontzeptuak diseinuaren dimentsioak eta erabakiak nabarmentzen ditu, zeinak kolektiboki zehazten baitituzte baliabideen antolamenduaren irismena eta izaera, bai eta antolatutako baliabideak konparatzen, konbinatzen, eraldatzen eta haiekin elkarreragiten duten prozesuen gaitasunak ere”.

Lore Agirrezabal

Kudeatzailea