Archivo de la etiqueta: restauracion

Liburuak eta dokumentuak zaharberritzen eta kontserbatzen ikasten

Aurtengo formazio urtea burua eta eskuak lanean jarriz abiatu dugu, Helena Jimenez de Aberasturi adituarekin. Liburuak eta dokumentuak zaharberritzea eta kontserbatzea izeneko lantegia eskaini zuen Tabakalerako Medialaben.

Gaian sartzeko azalpen teorikoak eman ondoren, parte hartzaileek burua eta eskuak lanean jarri behar izan zituzten, egun eta erdian hainbat gauza sortzeko eta konpontzen ikasteko aukera izan baitzuten.

Ikastaroaren helburua liburutegi edo artxibo batean jasotzen diren eta egoera txarrean dauden liburuei lehen esku-hartzeak egiten ikastea izan zen. Hori dela eta, liburutegi edo artxibo baten beharrak hartu ziren kontuan. Koadernatze-praktika batzuk egin ostean, paperezko txertaketa bidezko zaharberritzean aritu ziren, orrien hausturak lehengoratzen, eta hori guztiak egiteko behar den oinarrizko materiala ezagutzen. Amaitzeko kontserbazio kutxa bana egin zuen bakoitzak.