Haur-literaturaz, helduon bitartekaritzaz eta hautaketaz luze eta zabal jarduteko aukera izan zen azaroaren 27an, San Telmo Museoko areto nagusian, Anna Juan Cantavella adituak eman zuen ikastaroan: Bukatzen ez den soka: haurtzaroa, literatura eta aukeraketa (El cuento de nunca acabar: selección, infancia y literatura).
Galtzagorri Elkartearekin elkarlanean antolatu dugu 8 orduko ikastaro trinkoa, aditu kataluniarrarekin. Guztira, 35 bat bitartekarik jaso zuten ikastaroa, horien artean ziren, ALDEEko bazkide diren hainbat liburuzain ere.
Anna Juanek hainbat eta hainbat album ilustratu jarri zituen ikusgai mahaietan eta haiek baliatuz egin zituzten proba, gogoeta eta hautaketen justifikazioak. Literatur-hezkuntzaz, bitartekarien heziketa literarioaz, zentsura mota desberdinez, liburuen kokapenaren garrantziaz… jarduteko aukera izan zuten. Hala ere, erantzunak baino galdera gehiagorekin etxeratu ziren gehienak, bukatzen ez den soka baita haur-literaturan bitartekariok dugun zereginari lotutako lana.
Lore Agirrezabal
Kudeatzailea