
Aldee elkarteak aurten eskaini duen azken ikastaroa izan da hau, online egin den bakarra, UEUren elkarlanari esker eta Rakel Gamito irakasleak gidatuta. Urriaren 29an hasi eta abenduaren 10ean amaitu da. DigComp proiektuan oinarritutako ikastaroa izan da eta bertan konpetentzia digitalaren funtsezko osagaiak identifikatu dira, beharrezkoak diren ezagutza, trebetasun eta jarreretan gaitasun digitala lortzeko.
Hauek dira landu ditugun konpetentziak:
- Informazioa eta informazio-alfabetatzea
Gure arloko informazio-iturriak zeintzuk diren identifikatu ditugu eta horiek modu eraginkorrean erabiltzen edota kudeatzen ikasi behar dugula garbi gelditu zaigu.
Hau da, informazioa bilatzea, datuak lortzea, datu horiek fidagarriak diren ala ez egiaztatzen jakitea; lortutako informazioa ordenatzea, gordetzea eta behar den tokian erabiltzen jakitea.
- Komunikazioa eta lankidetza
Gure arloan, lankideekin, profesionalekin, gure lantokiko beste pertsonekin edo lana edo bizitza pertsonalean harremana dugun beste guztiekin, nola komunikatzen garen eta zer erabiltzen dugun hori egiteko ikasi dugu. Hainbat tresna probatzeko aukera eman digute eta horietatik erabilgarrien iruditu zaizkigunekin sakontzeko beta izan dugu.
- Edukiak sortu
Edukiak sortzeko tresnak ezagutu ditugu: testu-dokumentuak sortu; PDFak kudeatu; erabiltzen ditugun irudien, bideoen eta audioen eskubideak kontuan izan eta sortze prozesuan nola editatu eta forma eman; mapa mentalak egiten ikasi; aurkezpenak, posterrak, infografiak… Hau guztia kudeatzeko tresnak ikusi ditugu.
- Antolaketa
Biltzea, kudeatzea, antolatzea, prozesatzea, gordetzea, berreskuratzea… DigComp markoan askotan errepikatzen diren aditzak dira.
Hori dela eta, zereginak, ekintzak, oharrak, mezu elektronikoak, informazioa, webguneen helbideak, pasahitzak eta bibliografia antolatzeko baliabide digitalak eta abar ezagutu ditugu.
Bukatzeko, proiektu bat landu dugu eta gure burua prestatu gehiago ikasten jarraitzeko.