34 lagunek eman zuen izena #1lib1ref liburuzainak wikilari lantegian.
Wikipedian informazioa erreferentziatzea oso garrantzitsua da, edukia nondik datorren jakitea, bere sinesgarritasuna ziurtatzeko moduetako bat baita. Mundu osoan liburuzainek urtean birritan #1lib1ref kanpainan hartzen dute parte, edukiak erreferentziatu eta lan horretan liburuzainen paper garrantzitsua aldarrikatzeko helburua duen proiektuan. Kanpaina horren aurtengo bigarren saioa maiatzaren 15ean abiatu zenez, liburuzainek nola parte har dezaketen eta zein ekarpen egin ditzaketen azaldu zigun Galder Gonzalez wikilariak, 2 orduko online lantegian: #1lib1ref liburuzainak wikilari.
Galder Gonzalez Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko kidea da eta lantegi honetarako propio sortu zuen orrialdea wikipedian aurki daiteke. Bertan ematen diren argibideekin edonor has daiteke wikipediako artikuluei erreferentziak jartzen.
Hain zuzen, lantegian aurreikusitako helburuak nekez bete dira #1lib1ref kanpainak iraun duen bitartean, baina zorionez urteko gainerako egun guztiak ditugu erreferentziak jartzen segitzeko.
Beraz, ez etsi, ez ahaztu zure ekarpenak benetan aberasgarriak direla guztion artean wikipedia elikatzeko. Izan ere, Iturri fidagarri batera egiten duzun erreferentzia bakoitza onuragarria da mundu osoko Wikipediaren irakurleentzat.