Ibon Idoiagak azaroaren 24ko jardunaldiari buruzko kronika egin digu euskaraz.
Hau ez da kronika bat. Horren asmoarekin hasitako idazkia zen baina jardunaldiko bideoa berriro ikusterakoan (https://www.youtube.com/watch?v=mIc1YHX62pY), Harkaitz Canori behin entzun bezala, 'lapikoa joan zait' (tira, berak 'eltzea' erabiliko zuen baina ulertzen didazu, ezta?) eta egunak utzi zidan sentsazioa partekatu nahiko nuke zurekin. Abisatuta zaude. Abisatuta eta gonbidatuta.
Pasa den ekainean, liburutegiak komunitatearekin izan beharko zuen erlazioaren hainbat eredu batzen zuen Gonzalo Oyarzúnen liburuaren aurkezpenean (eskuragarri dago 'Liburuak' atalean, portzierto) horren inguruan pentsatzearren eman zidan; zein da liburutegitik herriarekin mantentzen dugun erlazio zehatza? Ba al dugu harreman esturik udaleko beste zerbitzuekin? eta talde eta elkarteekin? zelan gordetzen dugu herriko memoria? eta zelan zabaltzen dugu memoria hori? Batzuetan, bitxia da zelan ilbaintzen zaizkigun pentsamenduak kanpotik jasotzen ditugun estimuluekin, horretan nengoela argazki-bildumak ganoraz eta legez zabaltzeko jardunaldi honen deialdia heldu baitzitzaidan eta. Agian gure obsesioak baino ez gaitu bizi eta hari ikusezina iruditzen zaiguna harri beraren kontrako mailukada errepikakorra baino ez da. Tira, zentratu gaitezen eta ez dezagun lapikoa berriro bidetk galdu.
Puntako profesionalak batu ziren jardunaldira eta denei ahotsa emateko aitzakiarekin, aurkezpen laburren formatu erakargarria erabili zen Anabellak gidatutako mahai-inguru batekin bukatzeko. YouTubeko bideoaren azalpenean zerrendatzen dira partaide guztiak; Arabako Foru Aldundiko Jose Antonio Sainz Varelatik (Pepe) RetroSantanderreko Jaime Gómez-Obregónera, Iurismáticako Jorge Campanillasetik, Ministerioko Milagros Corral edo EHUko Josu Arambarritik pasatuta. Baina deigarriena iruditu zitzaidana ikuspegi ezberdin bi aurrez aurre topatzea izan zen.
Alde batetik, ikuspuntu 'instituzionalagoa' edo ez dakit zelan deitu. Prozesuekaz eta ondorioekaz kezkatuagoa eta kalitatezko zerbitzu bat berme guztiekin eskaintzen arduratzen dena. Eta bestetik, ikuspuntu 'teknologikoagoa', Zuckerbergek zioen "bizkor mugitu, gauzak apurtu" leloarekin bat datorrena, produktu erakargarria eta jendearengan eragin gehiago izateko jarrera erakusten duena.
Jaime Gómez-Obregónek informazio publikoa modu garden eta erakargarriago batean eskaintzeko gurutzadan sartuta dabil. Bere hiriko argazki zaharrak erakusteko bisore erosoago bat asmatu zuen eta libreki argitaratu bere kodea. Programa libreen ibilbidea jarraituz, Iker Ociok hobekuntza berriak gehitu zizkion Jaimeren kodeari eta Arabako Aldundiaren Photo Araba atariko argazkien lizentziaz baliatuz RetroGasteiz arakatzailea sortu zuen. Kontua da, argazki-bildumak erakusteko eta zabaltzeko ikuspegi bi hauek ez dutela zertan kontrajarriak izan behar. Horra, adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskaintza Gómez-Obregóni zaharkituta geratu zen Gure Gipuzkoa gunea bisore berri honetara eguneratzeko. Ingurune berriak oso gustuko ez ditugun baldintzak inposa ditzake (oso zaila da, adibidez, argitaratutakoaren kontrol osoa mantentzea) baina eskaintzen dituen onuretaz ere aprobetxatzen jakin beharko genuke (adibidez, Pepek berak adierazi zuen 'Gasteiz Atzo' Facebookeko taldeari esker hainbat argazkietako informazioa osotzen ari direla).
Sentsazioetaz berba egitera etorri naizenez, zera esango nizuke, herri liburutegi baten abiapuntutik handiegi geratuko litzaigukeela arazo guztiekin behaztopatzen hasiko bagina. Xumetik hasi eta mantendu. Bilduma eta berau zabaltzea anbiziotsuegi hasi ezkero, kezkengatik paralizaturik geratzeko arriskua dugu.
Honelako proiektu batekin nahasten hasiz gero, argi izan beharko genituzke argazkien jatorria eta beraien gaineko gure baimenak, ez bakarrik egiletzari dagozkienak baizik eta ustiapen-eskubideei buruzkoak ere (erreprodukzioa, banaketa, komunikazio publikoa, eraldaketa) eta beste oinarrizko batzuk (ohore eta intimitate babesa bertan agertzen direnengatik eta holangoak). Baimen eta eskubide guzti hauek garden azaldu beharko genizkieke argazkiak utzi(ko) dizkigutenei argitaratzerakoan ahalik eta lizentziarik irekienarekin zabaltzeko.
Azken finean hortan datza zerbitzuaren garrantzia eta. Cory Doctorowek zioen informazioak ez duela libre izan gura, jendea dela aske gura duena izan. Saiatu gaitezen funtsa ahalik eta modu kalitatenezkoaan eskaintzen eta konturatu gaitezen zerbitzua bitartekoa baino ez dela.
Ikusten duzunez, oso sentsazio baikorrak eta gogotsuak. Ea jardunaldi interesgarri hauetatik zerbait ateratzen den.
Ibon Idoaiga (Bixerdo)