Egina
Udaberrian izango da aurtengo lehen bisita profesionala: maiatzaren 12an HABE Liburutegia ezagutzeko aukera izango dugu. Izen-ematea dagoeneko zabalik dago. Bisita profesionala ALDEEko bazkideentzat soilik eta dohainik izango da.
10:30-12:00
Vitoria-Gasteiz Kalea, 3
20018 Donostia
Gipuzkoa
Gure gizartea geroz eta eleaniztunagoa da eta badu, gainera, euskararekiko kezka berezia. Neurri batean edo bestean, guztiok ditugu hizkuntzekin zerikusia duten beharrak, nahiak, jakin-mina. Liburutegiaren helburua da erakunde, gizarte-eragile, ikertzaile eta norbanakoei errealitate honek sortutako erronkak eta beharrak kudeatzeko laguntza ematea.
HABE Liburutegia hizkuntzen ezagutzan eta ikasketan espezializatutako liburutegi publikoa da. Euskaratik eta Euskal Herriko hizkuntza-egoeratik abiatuta, eleaniztasuna ardatz duen liburutegia da eta hiru ataletan dago banatuta:
HA - Hizkuntzalaritza Aplikatua
Hizkuntzen didaktika, soziolinguistika, psikolinguistika, eta hizkuntzek hezkuntza-sistemetan duten tokia jorratzen dituen nazioarteko literatura zientifikoa jasotzen du atal honek
EB - Euskal Biblioteka
Euskaraz argitaratu diren dokumentuak biltzen dira bertan, edozein dela ere gaia : literatura (eleberriak, ipuinak, antzerkia, olerkia, bertsolaritza...), gizarte-zientziak, natura-zientziak, zientzia aplikatuak, artea, geografia, historia...
MD - Material Didaktikoa
Hizkuntza ugari ikasi edo irakasteko metodo eta materialak aurki daitezke atal honetan. Euskara, ingelesa, frantsesa, gaztelania eta alemana ikasteko material ugari dago bertan.
Atal bakoitzaren inguruko xehetasun guztiak eta Liburutegiak eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutzeko aukera paregabea izango da bisita profesional hau. Zatoz!