Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartearen Zuzendaritza Batzordeak, gure lana gidatzen duten balioen defentsan, bere jarrera azaldu nahi du El profesional de la Información aldizkariaren zuzendariaren inguruan sortu den polemikaren eta ondorengo adierazpenen inguruan.
Idazki honen bidez, Tomas Baigeti esan nahi diogu bere jarduna ez zaigula kaltegabea iruditzen. Webgune honen existentzia ez da, eta ez zen inoiz izan, kaltegabea; patriarkatua dei dezakegun sinesmen-, judizio- eta balio-sistema lotsagarri batetik sortzen da, eta testuinguru horretan emakumeen espazio pertsonala inbaditzea ahalbidetzen da, kasu honetan, asmo sexuala duten irudiak publikoki zabalduz, baimenduak izan ala ez.
Inoren deserosotasuna umorez bizitzea da gaiaren alderik azalekoena. Azpian maskulinitatea bizitzeko modu toxiko bat dago, mendeetan zehar ehun sozial eta kulturalaren zirrikituetatik sartu dena, berdinen arteko botere-harremanak zedarrituz, webguneak berak erakusten dituen justifikazioen aurka, sexualitatea bizitzeko modu ez oso osasungarri batean eratortzen direnak.
Gizartearen zerbitzura dauden erakundeetako profesionalak garenez, aldaketarako tresna bat garela pentsatzea gustatzen zaigu, non informazioa, kultura, ezagutza bidegabekerien eta desberdintasunen aurkako armak izango diren. Eta horregatik, sakonki aztoratzen gaitu lankide honen edo antzeko beste edonoren jarrerak.
Gure ustez, jokabide eta jarrera horiek asko aldentzen dira giza duintasunarekin koherenteagoa den maskulinitate berri batetik eta hain atsegina eta pasiboa ez den feminitate batetik.
Horregatik, ALDEEko batzarra osatzen dugunon artean eztabaidatu ondoren, ez dugu isilik geratu nahi pertsonen profesionaltasuna errespetatzen ez duten eta, gainera, urratzen duten horrelako jarreren aurrean.
ALDEEko Zuzendaritza Batzordea