Donostia Kulturako Haur Liburutegi Nagusiko Haur Liburuaren Dokumentazioguneak jaso du Asun Balzola ilustratzailearen liburutegiaren dohaintza. Dohaintza hau ilustrazio originalek osatzen dute, 1.200 inguru (probak, aurrebozetoak eta maketak), eta badaude ere hamar diapositiba-kaxa, sei karpeta dokumentu profesional eta pertsonalekin, bere eta beste hainbat egileren liburuak eta zenbait bideo, katalogo eta aldizkari. Dohaintza, oro har, ez da nahastuko Donostiako Udal Liburutegiko beste bibliografia-funtsarekin: unitate bat osatuko du eta horrela gordeko da. Dokumentazioguneak katalogatu eta sailkatuko du dohaintza eta Donostiako Liburutegien Sareko katalogoan bistaratu ahal izango da: http://www.donostiakultura.com/euskara/bibliotecas.php. Halaber, zenbait jarduera antolatuko du aldizka Donostiako Haur Liburutegi Nagusiak Balzolaren lan hauek ezagutzera emateko.