Duela bi urte, Bilboko Udalak Bizkaiko hiriburuko Alde Zaharrean haur liburutegi berri bat sortuko zuela iragarri zuen. Ordura arte Liburutegien Sarean egindako kudeaketa publikoarekin apurtuz, Udalak espazioa pribatizatu zuenean etorri zen ezustekoa.
Duela bi urte, Bilboko Udalak Bizkaiko hiriburuko Alde Zaharrean haur liburutegi berri bat sortuko zuela iragarri zuen, auzotarren aldarrikapen historikoa, Bidebarrietako liburutegiak, auzo berean kokatua eta Bilboko Udal Liburutegien Sarearen buru dena, ez baitu haur eta gazteentzako funtsik.
Ordura arte Liburutegien Sarean egindako kudeaketa publikoarekin apurtuz, Udalak espazioa pribatizatu zuenean etorri zen ezustekoa. Liburutegiko langileek onartezintzat jo zuten udalak, zerbitzuen kudeaketaren eta kalitatearen kaltetan, lanpostu horietan kontratatutako pertsonen lan-prekarietatearen baldintzak onartzea, eta Bilboko herritarren kultura-eskubideak merkantilizatzea.
Hori dela eta, Bilboko Liburuzainak kolektiboa sortu zen zeinak Udalean ordezkaritza duten sindikatu eta alderdi politikoen babesarekin eta auzo elkarteekin batera hainbat ekintza antolatu zituen erabaki horren aurka borrokatzeko: mobilizazioak, mahai-inguruak, prentsa-oharrak eta komunikabideetako elkarrizketak, Udaleko Osoko Bilkuran kexak, etab.
Joan den urrian, Zazpikale liburutegiko Liburutegi Laguntzaile postua publifikatu egingo zela jakin genuen. Hau da, plaza berri hau Bilboko Udaleko Lanpostuen Zerrendan (ULZ) egiturazkoa izango zela alegia.
Hala ere, La Esperanza eraikinaren kudeaketak pribatua izaten jarraituko du, lizitazio lehiaketa berri bat irekiko da, oraingoan Liburutegiko Laguntzaile lanpostua kenduta.
Bilboko Liburuzainen kolektiboak poz-pozik hartu dugu lanpostu berriaren sorreraren albistea; baina udal-ekipamendu batek esku pribatuetan jarraitzeak amorrua eta tristura dakarkigu, hasieratik gure leloa argia izan bait da: "Esperantza publikoa”.
Liburutegietako langileek euren zorion eta esker onik beroena adierazi nahi diete aldarrikapen hau bizirik mantendu duten pertsona guztiei: "Arratsalde guzti horietan pankartaren atzean tinko mantendu zaretenoi, Bidebarrieta eta Esperantza arteko kaleetan gure leloen oihartzunak ozen eta gogor entzunarazi duzuenei; hor egon zareten elkarte, kolektibo eta auzokideei: garaipen txiki hau ere zuena da".
Eskerrak eman nahi dizkiegu bereziki: Bilboko Alde Zaharreko Bihotzean Auzo Elkarteari, ALDEE, Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkarteari, Udal Langileen Batzordeari, sindikatuei eta alderdi politikoei. Eta, jakina, Haizea Barcenilla eta Ahoztar Zelaieta, Bidebarrietako Liburutegian egin zen Kulturaren pribatizazioa solasaldian hartutako konpromisoagatik, eskuzabaltasunagatik eta jakituriagatik.
Amaitzeko, pribatizazioaren mamua betirako desagerrarazi ez dugula argi dugu; horrexegaitik, kalitatezko zerbitzu publikoak aldarrikatzen eta beraien alde borrokatzen jarraituko dugu.
Bilboko Liburuzainak