2026ko lehen bisita profesionala ASNABI Elkartearekin batera egingo dugu eta berezia izango da euskaraz argitaratutako lehen liburuaren jatorrizko alea ikustera joango baikara Baionako Euskal Museora: ‘Linguae Vasconum Primitiae’. Liburua ikusgai egongo den azken egunak izango dira, ondoren Parisera itzuliko baitute, Frantziako Liburutegi Nazionalera.
Nafarroako Liburuzainen Elkarteak, ASNABI-k, eta ALDEE-k elkarrekin bisita berezi bat antolatu dugu urtarrilaren 10erako, Baionako Euskal Museoan ikusgai dagoen Linguae Vasconum Primitiae liburuaren lehenengo ale bakarra ikusteko bisita izango da:
Ohi bezala, bisita honetan ASNABIko edo ALDEEko bazkideek soilik hartu ahal izango dute parte.
Bisitaren ostean elkarrekin bazkaltzeko aukera izango dugu.
Linguae Vasconum Primitiae
Baionako Euskal Museoak, 100 urte bete ditu aurten eta Etxepare Institutuak 15. Hori dela eta, bi erakundeek lankidetzan lortu dute liburua Frantziako Liburutegi Nazionaletik maileguan hartu eta Baionan ikusgai jartzea.
Bernat Etxeparek idatzi eta 1545ean argitaratutako Linguae Vasconum Primitiae euskaraz argitaratutako lehenengo liburuaren ale bakarra da eta urtarrilaren 11 arte egongo da ikusgai.
480 urte dira euskal kulturaren eta euskal literatur historiaren obra aitzindaria estreinakoz Bordelen plazaratu zenetik, François Morpain inprimatzailearen eskutik.
In-4° formatuko 28 orrik osatzen duten Linguae Vasconum Primitiae eta garrantzi handiko obra da euskal ondarearen historian. Izan ere, tituluak berak iragartzen duen bezala nahiz eta izenburua latineraz izan, euskaraz inprimatua izan den lehen liburua da.
Obra horretan, batetik, prosaz idatzitako aitzinsolas labur baten ondotik, debozio olerkiak eta maitasun profanoei buruzko olerkiak irakur daitezke. Bestetik, bertsotan idatzirik, Nafarroako Erregearen aginduz espetxeratua izan zeneko kontakizuna dator. Eta bukatzeko, bi idazki ezagunenak: Kontrapas eta Sautrela.
Mendeetan zehar gaurdaino iraun duen euskarazko lehen literatur argitalpenaren erakusketa Baionako euskal museora ekarri izana Etxepare Euskal Institutuak Frantziako Liburutegi Nazionalarekin eta, oro har, frankofoniako kultur eta akademia eremuko eragileekin, garatu duen lankidetza-esparruaren baitan eman da eta uste dugu aukera ezin hobea dela berau ikustera elkarrekin joateko irteera antolatzea.
Oharra: Museoko sarrera, bakoitzak berea ordainduko du.