Zuzenean edukira joan

Eusko Legebiltzarrean izan gara beste behin

Mota
Gertakariak. Agerraldiak
Data
2023 Azaroa 17

Azaroaren 17ko Eusko Legebiltzarreko Kontroleko Osoko Bilkuran, Elkarrekin Podemos alderdiko legebiltzarkide Isabel Gonzalezek interpelazioen tartea baliatu du Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren eta bertako profesionalen egoerari buruz galdetzeko Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari. Ondoren, ALDEEko zuzendaritzako kide diren Fernando Juarez eta Yanira Diaz de Aranguizek prentsaurrekoa eman dute elkarteak gaiaren inguruan duen iritzia azalduz.

2022ko azaroaren 18an, Euskadiko Liburutegi Legeak 15 urte bete zituela eta, Geroa irudikatzen izeneko jardunaldia egin genuen Legebiltzarrean. Urtebetera berriro itzuli gara, orduan planteatutako gaiek zer nolako jarraipena eta bilakaera izan duten galdetzeko. Elkarrekin Podemos alderdiko Isabel Gonzalezek, hain zuzen, azaroaren 17ko osoko bilkura baliatu du Bingen Zupiria sailburari Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren eta bertako profesionalen egoerari buruz galdetzeko. Ondoren, ALDEEk aukera izan du prentsaren aurrera agertzeko.

Gaur prentsaren aurrean agertu dira Fernando Juarez, Muskizko udal liburuzaina eta ALDEEko (Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartea) lehendakaria, eta Yanira Díaz de Aránguiz, ALDEEko kidea eta FESABIDeko (Artxibistika, Bibliotekonomia, Dokumentazio eta Museistika Elkarteen Espainiako Federazioa) Zuzendaritza Batzordeko ordezkaria. Bertan honakoa adierazi dute:

ALDEE elkarteak Euskadiko informazioaren eta dokumentazioaren sektoreko profesional gehienak biltzen ditu, eta estatuko eta nazioarteko elkarte profesionalen federazioetan aktiboki eta etengabe laguntzen dugu. Halaber, gure eremuan langileen eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren konpetentzia profesionalak eta teknikoak zehaztearen alde egiten dugu lan, eta lan-baldintzak hobetzeko ekimenak bideratzen ditugu.

Hori guztia egin ahal izateko, funtsezkoa da artxiboen, liburutegien eta dokumentazio- eta informazio-zentroen politikarekin zerikusia duten erakundeetan informazio-, harreman- eta ordezkaritza-bideak ezartzea. Eta, hain zuzen, horregatik gaude gaur hemen.

2007ko urriaren 26an, Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak aho batez onartu zuen Euskadiko Liburutegiei buruzko 11/2007 Legea. Lege horren helburu nagusia zen liburutegi-azpiegitura eta -zerbitzu modernoak, koordinatuak eta herritar guztientzako irisgarritasun osokoak eskuratzea, baliabideak hobeto optimizatuz. Liburutegiak beharrezko erakundeak dira irakurzaletasuna sustatzeko, kalitatezko informaziorako sarbidea bermatzeko eta herritarren printzipio demokratikoak finkatzeko, herritar horiek modu unibertsalean artatzen baitituzte.

Legearen artikulatuak legean jasotako gai batzuk orokorrean jorratzen zituen, hala nola teknikarien baldintza profesionalak (24. art.) edo liburutegi-ekipamenduek bete beharreko baldintzak (8. art.). Horiek, ondoren, erregelamendu espezifikoen bidez zehatzago garatu beharrekoak ziren, baina, 16 urte igaro dira eta oraindik ez ditugu araudi horiek erdietsi.

2022ko udaberrian, ALDEE legebiltzar honetara etorri zen, erreglamenduzko garapen faltagatik kezkatuta zegoela adieraztera. Txosten bat aurkeztu genuen, arautegirik ez egoteak dakartzan ondorioak zehazten zituena, eta, taldeka, horri buruz ditugun kezkak azaldu genituen.

2022ko azaroan, etxe honetara itzuli ginen, Legearen 15. urteurrena ospatzera, ordezkari politiko guztiak bertan zirela.

Euskadiko Liburutegiei buruzko 11/2007 Legearen erregelamendu bidezko garapen eraginkorrari buruzko legez besteko proposamenaren 2022ko urriaren 20ko eztabaidan, ordezkatutako alderdi guztiak bat etorri ziren Legearen erregelamenduen garapenean aurrera egiteko premia zegoela nabarmentzean, nahiz eta ez zen exekuzio-eperik markatu.

Urtebetera, Elkarrekin-Podemosek legearen garapenari buruz sailburuari egiten dion galdera entzutera etorri gara. Gure ustez, galderak bere garaian taldeei lehentasunezkotzat azaldu genizkien funtsezko puntuetako 4 biltzen ditu:

1. Euskadiko Liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legearen 44. artikulua betetzea, Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordearen bilerak bi urtean behin egutegiratzea eta egutegi hori 2023. urtea amaitu baino lehen jakinaraztea.

Aholku Batzordeak kontsultarako izaera du, eta, era berean, Euskadiko Liburutegi Sistemaren informaziorako, kontsultarako eta aholkularitzarako organoa da. Liburutegiei buruzko erregelamendu-arauen berri eman behar du, baina organo hori onartu ezean, ezin da irakurketa mapa bezalako tresnarik ere onartu. Horregatik, beharrezkoa da batzorde horretan ia existitzen ez den jarduera suspertzea, haren eraginkortasuna nolabait bermatuko duen jarraikortasuna emanez.

2. Euskadiko Liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legearen 24. artikulua betetzea, EIPSko liburutegietako teknikarien lan-baldintzak arautuko dituen Erregelamendua urtebeteren buruan eginez, Eusko Jaurlaritzak berak “Euskadiko Liburutegi Publikoetarako Estandarrak” izeneko dokumentuan argitaratutako datuetatik abiatuta, eta ALDEEren parte-hartzearekin.

ALDEEk gaiarekin duen konpromisoa irmoa da; ad hoc lantalde bat sortu zuen horretarako, eta, hark araudiaren testuaren proposamen bat aurkeztu digu. Testu horrek sarea osatzen duten liburutegietako langileek zer izan beharko luketen eta zer egin beharko luketen zehazten du. Liburutegi bat ez da benetan liburutegia, bere kudeaketa liburuzain profesional batek gidatzen ez badu. Liburuzain honek bere kualifikazio profesionalaren araberako lana egin beharko du gainera. 

Euskadin 300 liburutegi publiko baino gehiago daude, eta horietatik 110 pertsona bakarrekoak dira. Ohikoa da langileei esleitzen zaien kategoriak barne hartzen dituen funtzioak baino handiagoak eskatzea. Egoera hori araudia aplikatuz konponduko litzateke.

3. Euskadiko Liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legearen 23. artikulua betetzea, Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren Mapa 2 urtetan eginez.

Mapa berri bat, datu eguneratuekin, Euskadiko liburutegien, zerbitzuen, ekipamenduen eta langileen gaur egungo egoeraren isla leiala izango dena. Mapa ezinbesteko tresna da Euskadin liburutegi-zerbitzuak planifikatzeko.

4. 2024rako aurrekontuetan Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzura bideratutako partida handitzea, langile gehiago eta baliabide gehiago izan ditzan, EIPSren eta bere profesionalen eskaerei erantzun egokia eman ahal izateko.

Liburutegi zerbitzuak 300 liburutegiri baino gehiagori ematen die laguntza, 8 pertsonako lan-taldearekin, zeinetatik 5 baino ez diren pertsonalgo teknikoa. Prozesu teknikoak modu zentralizatuan egiteaz arduratzen da, hiru dirulaguntza-lerro kudeatzeaz eta liburutegi guztietako langileei aholkuak emateaz gain. Ezinezkoa da horrelako talde batek irakurketa publikoko sarearen plangintza gauzatzeko behar duen denbora ematea.

Informazioaren sektoreko profesionalekin eta zerbitzuekin eta, kasu honetan, zehazki liburutegiekin duen konpromisoari leial izanik, ALDEEk tresna horiek ahalik eta lasterren prestatu eta inplementatu behar direla defendatzen du. Legebiltzarrean izan duen ibilbideak hori erakusten eta berresten du. ALDEEk ez du alde batera utziko informazioaren sektoreko profesionalekin eta zerbitzuekin duen konpromisoa, eta, kasu honetan, liburutegiekin duen konpromisoa.

Ibilbide horretan, era berean, erakusten du ALDEEk jarrera proaktiboa duela ganbera honetako talde politiko guztiekiko, eta eskerrak ematen dizkiegu jasotako arretagatik. Halaber, animatzen ditugu legea eta irakurketa publikoko sare osoa garatzeko benetako aurrerapauso izan daitezkeen ekimenak babestera.

Halaber, gure esperientzian eta ezagutzan oinarrituta eman dezakegun lankidetza eta aholkularitza eskaintzeko prest gaudela berresten dugu.

Bazkide izan nahi duzu? Abantaila handiak dituzu

Izena eman

  • Zure interesak babestu
  • Jardueretan parte hartu
  • Deskontuak ikastaraoetan izena ematerakoan
  • Lan eskeintzak jasotzea
  • Lantaldeetan parte hartzeko aukera
  • Informazio profesionala eguneratua eduki

Cookieen kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez.

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialak partekatzeko plugin batzuk erabiltzen ditugu gure webguneko zenbait orrialde sare sozialetan partekatu ahal izateko. Plugin hauek cookieak ezartzen dituzte orrialde bat zenbat aldiz partekatu den zuzen ikusi ahal izateko.