Gasteizen, Bibat Arabako Arkeologia Museoan, bildu gara aurten Batzar Orokorrean eta Ezohiko Batzarrean. Bertan, urtero bezala, iazko memoria eta kontuez gain, aurtengo aurreikuspenak aurkeztu ditugu.
Ohi bezala, Batzar Orokorreko gai guztiak aurkeztu ostean, bazkidearen boto eskubidea baliatuz gure botoa eman ahal izan dugu eta aldeko botoak izan dira guztiak, ALDEEren lanak bere bidea egin dezan ezinbestekoak.
Era berean, aurrez aurrekoaren abantailez baliatuz, batzarrera joandako hainbat lagunek planteatu dituzten proposamenak entzun eta jaso ahal izan ditugu datozen urteetan gauzatu ahal izateko.
Ondoren, iragarri bezala, 12:00etan Ezohiko Batzarra egin dugu Elkartearen Estatutuen eguneratzea azaldu eta botoa emateko. Kasu honetan ere, boto guztiak aldekoak izan direnez, Estatutuen eguneratzea onartu da.
Amaitzeko, hirugarren denboraz gozatu ahal izan dugu bazkari goxo baten bueltan.
Mila-mila esker bertaratu zareten guztioi!
Gogoan izan hurrengo Batzar Orokorra Donostian egingo dugula 2027an.
Bertan elkartuko gara!