INGUMAk, euskal komunitate-zientifikoaren datu-baseak Internetako ARGIA saria irabazi du. Urtarrilaren 30ean Usurbilen egin zen sari-banaketa ekitaldia eta banatu ziren sei sarietatik bat UEUren datu-basearentzat izan da. Bertan ari dira buru-belarri ALDEE elkarteko kide diren Goiaz Elgezabal, Oskia Agirre eta Marije Bidaguren. Azken bi hauek ALDEEko Zuzendaritza Batzordeko kide dira gaur egun.
Unibertsitate mailako euskarazko produkzioaren bilgune eta erakusleiho den INGUMA datu-baseak 2025ean 25 urte bete zituen.
2000. urtean sortu zuen proiektu hau UEUk, azken 60 urteotan unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa jasotzeko helburuarekin. Horrela, euskara batuaren arauak finkatzen hasi zirenetik gaurdainoko produkzio zientifiko-intelektual osoa jasotzea izan da (unibertsitate mailakoa eta euskaraz) Ingumaren xede nagusia: gizartearen esku jartzea, komunitate zientifiko-intelektualari ikusgarritasuna ematea eta euskarazko ikerketa zabaltzeko baliabide bat eskaintzea.
Inguman 14.000tik gora egileren, 48.000tik gora dokumenturen eta 220 erakunderen erreferentziak aurki daitezke klik batean.
Datu base honek, biltegi izateaz gain, badu beste helburu bat ere: euskaraz egindako produkzio zientifiko eta intelektualaren erakusleiho funtzioa bete nahi du, euskal komunitate zientifikoak egiten duen lanari ikusgarritasuna eta prestigioa emanez.
Ingumako kideek espero dute sari honek datu-basea ezagutarazten laguntzea.