Liburuen eta dokumentuen kontserbazioa, katalogazioa, wikipedia, helduentzako baliabideak liburutegietan... denetarik izango dugu martxotik ekainera EAEko hiru lurraldeetan egingo ditugun ikastaroetan. Adi! Izen-emate epeak zabaltzen hasi gara dagoeneko.
Dagoeneko, osatu dugu 2021eko martxotik ekainera bitartean eskainiko dugun formazio-eskaintza. Ohi bezala, anitza da ALDEEren aurtengo eskaintza. Koadernazio ikastaro batekin hasiko gara martxoaren 5 eta 6an, baina gero katalogazioan murgiltzeko aukera izango da, oinarrizko ikastaro batekin hasiz apirilean, aurreratuago batera pasatuz maiatzean eta CDUari buruzko batekin amaituz ekainean. Ikastaro solteak izango dira.
Horrez gain, wikipedian erreferentziak sortzen ikasteko ikastaro labur bat ere eskainiko dugu, modu horretan Wikipedian liburuzainei zuzenduta egiten den #1Ref1Lib ekimenaren aurtengo bigarren saioan parte hartzeko aukera izango duzue.
Ikastaro gehienak aurrez aurre egiteko asmoa dugu aurten, COVID19ak eragindako prebentzio-neurriek hala baimentzen diguten heinean. Bada, ordea, ikastaro bat online eskainiko duguna: Organización y prestación de servicios y recursos bibliotecarios para mayores. 40 orduko online ikastaroa izango da, maiatzeko azken egunetik uztaila hasieraraino luzatuko dena.
Ikastaro bakoitzari xehetasunak zehazten joan ahala jakinaraziko dizkizuegu email bidez, nahiz www.aldee.eus web gunean eta sare sozialetan.