ALDEE Elkarteak bat egiten du Galtzagorri Elkarteak, OEPLI erakundeko atal guztiekin batera, argitaratu duen manifestuarekin. Bertan haur literaturan gailentzen ari den joera "gozoa"ren aurrean, zentsurarik eta zuzentasun politikorik gabeko haur eta gazte literaturaren alde egiten da.
Roald Dahl idazlearen obren gaineko azken edizio lanek polemika eragin dute, zehazki, zuzentasun politikoaren izenean idazle galestarraren lanei egindako egokitzapenek hautsak harrotu dituzte eta aspaldian indarra hartzen ari zen joeraren kontrako ahotsak ozen altxatu dira. Haur eta gazte literaturan zentsura, autozentsura eta zuzentasun politikoak eragindako literatura "gozoa" inadarra hartzen ari den garaiotan, Dahlen obraren inguruko gertakariek joera hori salatzeko bidea eman dute.
ALDEEn ere kezkaz bizi dugun gaia da. Hori dela eta, bat egiten dugu OEPLI-IBBY España erakundeak (Organización Española para el Libro Infantil y Juvenil), non biltzen diren adar katalana (ClijCat), galegoa (Galix), euskalduna (Galtzagorri Elkartea) eta espainiarra (Consejo General del Libro Infantil y Juvenil), argitaratu duen manifestuarekin.
Bertan argi adierazten da, Roald Dahlen lanak irakurle berriei egokitzeko berridatzi izanaren albisteak sortutako polemikak arazo bat azaleratu duela, baina arazo hori ez dela berria. Gainera, arazo horrek klasikoen berrargitalpenari eragiteaz gain, egungo produkzioan ere ondorioak ditu. Izan ere, sortzaile, editore, irakasle eta bitartekari askok, autozentsurak baldintzatuta, irakurgaiak deseroso gerta ez daitezen, gatazkak edota ustezko irainak saihesten dituzte. Horrek guztiak literatura instrumentalizatzen du eta, nolanahi den, argitalpen-eskaintza pobretzen du arriskuak, aniztasuna, askatasun artistikoa eta espiritu kritikoa kaltetuz.
Manifestuarekin bat egiteko deia luzatzen dugu hemendik. Printzipio hauekin bat egiten baduzu, sina ezazu hemen.