Gutun Zuria +PRO jardunaldietan liburutegietako profesionalen mahai-ingurua egingo da. Otsailaren 29an, Inteligentzia Artifiziala gai hartuta, mahairen bueltan bilduko dira Fernando Juarez, ALDEEko presidentea; Alicia Selles, liburuzaina, dokumentalista eta EBLIDAko kidea; Elena Sánchez Nogales, Espainiako Liburutegi Nazionaleko (BNE) Berrikuntza eta Berrerabilpen Digitaleko zerbitzuburua; eta Lorena Fernadez, Deustuko Unibertsitateko komunikazio digitaleko zuzendaria.
Gutun Zuria Bilbao urtero antolatzen den Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdia da. Otsaila amaieran egingo da aurten, eta berrikuntza batekin egingo da edizio hau, Gutun Zuria Bilbaoren esparruan, Gutun Zuria +PRO sortu baita, liburuaren mundu profesionalari zuzendutako gune berria: liburu-saltzaileak, editoreak, idazleak, banatzaileak, itzultzaileak, ilustratzaileak, jaialdietako arduradunak eta kultura-instituzio publikoak... Hemendik aurrera, liburuaren kateko eragileek, urtero, gaurkotasuneko hainbat galdera eta eztabaida zirriborratuko dituzte, pentsamendu kritiko batetik abiatuta.
Otsailaren 28an eta 29an izango dira topaketa horiek, baina guri, bereziki, otsailaren 29a interesatu zaigu, bertan hartuko dutelako parte liburutegien esparruko profesionalek eta adituek.
Inteligentzia Artifiziala
Gaian aditua den Jorge Carrion idazle eta kultur kritikariak emango dio sarrera egunari. Ondoren, egile eskubideen inguruko mahaia egingo da CEDRO eta EKKI-ko ordezkarien parte hartzearekin, besteak beste.
Liburutegien mahaia, berriz, 11:00etan hasiko da eta bertan izango da ALDEEko presidente Fernando Juárez. Mahaikide izango ditu Alicia Selles, liburuzaina, dokumentalista eta European Bureau of Library, Information and Documentation Associations (EBLIDA) erakundeko kidea; Elena Sánchez Nogales, Espainiako Liburutegi Nazionaleko (BNE) Berrikuntza eta Berrerabilpen Digitaleko zerbitzuburua; eta Lorena Fernadez, Deustuko Unibertsitateko komunikazio digitaleko zuzendaria.
Azken mahaia, 12:00etan hasiko dena, liburu-dendetako profesionalena izango da.
Jarduera guztiak Bastida Aretoan izango dira eta sarrerak salgai daude: bi egunetarako sarrera (45 €) edo eguneko sarrera (25 €). Sarrera otsailaren 16a baino lehen erosiz gero, %70eko deskontua izango du.